Sortu Euskal Herriko mugimendu politiko abertzale eta sozialistaren izenean, gure agurrik beroena helarazi nahi diogu Kurdistango herriari, eta oso bereziki, Kurdistango emakumeei.
Hilabete honetan bi urte beteko dira Sakine, Fidan eta Leyla Parisen erahil zituztenetik.
Bere momentuan militante kurdu horien aurkako atentatua gaitzetsi genuen bezala, eta Frantziako estatuak eraso lazgarri horren aurrean agertu duen jarrera deitoratu ere egin genuen.
Bigarren urtemuga honetan, batez ere, hiru emakume iraultzaile horien memoria goraipatu nahi dugu. Era berean, haien sakrifizioa inondik inora alferrikakoa ez dela izan adieraztea ezinbestekoa da. Eta horren islada da egun Kobanen askatasunaren eta demokratizazioaren alde hainbat eta hainbat emakumek aurrera daramaten borroka.
Bi urte igaro dira Sakine, Fidan eta Leyla hil zituztenetik eta oraindik ere haien familia eta lagunek ez dute justiziarik usaindu ere egin.
Eta justizia hori egin gabe igaroko den egun bakoitzak geroz eta ilunagoa, geroz eta luzeagoa, egingo da Turkiako estatuaren itzala.
Alta, Turkiar estatuak aukera paregabea du, auzi Kurduari irtenbidea emanez, Ekialde Hurbilean demokrazia eraikitzen laguntzeko. Horretarako, ezinbestean, elkarrizketa zintzoari bide eman behar dio Kurdistango herriaren ordezkariekin.
Gure herriak, Euskal Herriak, bere larruan ordaindu du errepresioa. Sortuko idazkari nagusia, Arnaldo Otegi, espetxean dago oraindik, hain zuzen ere, zuek Kurdistanen egiten duzuen bezala, gure herriarendako konponbide demokratikoa bultzatu izanagatik.
Horregatik Arnaldo Otegiren askatasuna, eta noski euskal preso politiko guztien etxeratzea aldarrikatzearekin batera, Kurdistaneko presoek eta bereziki Abdullah Ochallan, Apok, pairatzen dituzten kartzela baldintza gogorrak salatu nahi ditugu.
Bide batez, oso sostengu berezia helarazi nahi diegu espetxeetan dauden emazteei, eta gure besarkadarik beroena bidali nahi diegu, baita ere, preso guztien lagun eta senideei.
Euskal Herria eta Kurdistan bata bestearengandik urrun diren herrialdeak ditugu. Izan ere, gure bi herri artean ikus ezinezko haria dago, elkartasunaren haria. Urruntasun geografikoa hurbiltasun egiten duen haria.
Era berean, Kurdistango eta Euskal Herriko emakumeen artean, Sahara, Irlanda, Kolonbia, Hego Afrika edo Palestinako emakumeen artean bezala, elkartasun lotura sendoa eraiki behar dugula uste dugu Sortuko emakumeok.
Horregatik, gure eskua luzaturik duzue. Zuen burua askatzeko, gizarte justuago, herri berdinago eraikitzeko burutzen duzuen lana, gure lana bera delako. Helburuak konpartitzen ditugulako eta beraz zuen borroka gure borroka delako.
Zalantzarik ez izan, gure herriaren askatasunaren alde oihu egiten dugun bakoitzean, zuen herriak demokrazia eta bakearen alde burutzen duen borroka aitzat hartzen dugu.
GORA EUSKAL HERRIA ASKATUTA! BIJI KURDISTAN!