Sortu interes handiz ari da Venezuelako Errepublika Bolivartarrak bizi duen egoera politikoa jarraitzen eta kezka adierazi nahi dugu. Irmoki deitoratzen dugu herri borondatearen aurkako, Nicolas Maduroren Gobernu legitimoaren aurkako, azken kolpe frustratua.
Egoera honen aurrean, Sortuk bizi den egoera politikoaren despolarizazioan pausuak emateko asmoz UNASURrek egin duen proposamena eta Brasil, Kolonbia eta Ecuadorrekin batera osatutako agenda babesten ditu.
Momentu honek alde guztien inplikazioa galdatzen du tentsio egoera honi irtenbide demokratikoa emateko.Zentzu horretan Gobernu Espainiarraren eta Alderdi Popularraren injerentzia portaera salatu beharra ezinbestekotzat jotzen dugu; Aznar Presidente ordearen eta G.Margallo, Kanpo Aferetako Ministroaren adierazpenek, kolpisten aldartea elikatu dutelako.
Duela egun gutxi NBEak Espainia Mozal Legeagatik salatu zuen. Eta azken hamarkadetan komisarietako torturen aurkako milaka salaketa egon dira, komunikabideen itxierak, alderdien nahiz hauteskunde hautagaitzen ilegalizazioak, jarduera politikoagatik izan diren ehundaka atxilotuez gain, beste oinarrizko hainbat eskubideren urraketekin batera.
Inolaz ere ez dagokio, beraz, Espainiar Gobernuari demokrazia ikasgaiak ematea. Eta hobe luke gainera, eskubide sozialen urraketa nahiz herritarren eskubideei dagozkien aferak konpontzen hastea. Ezin dugu, era berean, aipatu gabe utzi, Gobernu nahiz talde mediatikoek erakutsi duten jarrera demokratiko eskasa. Venezuela behatzarekin seinalatu dute, Euskal Herria nahiz Kataluina bezalako herrien eskaera demokratikoak erantzuterako orduan.
Amaitzeko, gure elkartasuna eta samurtasuna adierazi nahi diogu Venezuelako herriari; eta nazioarteko komunitateari jarrera eraikitzailea, soberaniarekiko errespetuzkoa eta injerentzia nahiz desestabilizazioa helburutzat duten praktikarik gabekoa izan dezala eskatzen diogu.