Gorka Elejabarrieta, Sorturen Nazioarteko Harremanetarako arduradunak Sinn Feinek asteburu honetan Derryn antolatu duen Ard Fheisean hartuko du parte. Ard Fheisa hauteskunde ziklo berri baten atarian eta 1916eko altxamenduaren lehenengo mendeurrenaren aurreko urtean burutuko da.
Sorturen ordezkariak nazioarteko atalean hartuko du parte larunbat arratsaldean, Palestinako Enbaxadorearekin eta Hego Afrikako ANCko eta Syrizako ordezkariekin batera.
Elejabarrietak Arnaldo Otegik idatzitako gutun bat irakurriko du. Izan ere Ard Fheis honetan aurkezturiko mozioen artean, Sinn Feineko zuzendaritzak eta preso ohien elkarteak Arnaldo Otegiren, auzi politikoetan kondenatutakoen eta preso gaixoen askatasuna eta dispertsio politikaren amaiera eskatzen duen mozioa aurkeztu dute.