Gorka Elejabarrieta, Sorturen Nazioarteko Harremanetarako arduradunak eta Urko Aiartza Senatariak Sinn Féinek asteburu honetan Derryn antolatu duen Ard Fheisean hartu dute parte. Ard Fheisa hauteskunde ziklo berri baten atarian eta 1916eko altxamenduaren lehenengo mendeurrenaren aurreko urtean burutu da.
Ard Fheisean Gerry Adamsek burutu du hitz hartze nagusia, Sinn Féinek hegoaldean gobernatzeko asmoa duela azaldu eta kongresuan erabakitakoaren harira ez dituztela ez Fine Gael edo Fianna Fáilen gobernuak babestuko. Eta 1916ko altxamenduaren urteurrenaren harira Irlandaren etorkizunari buruzko nazio eztabaida bat burutzearen beharra plazaratu du.
Sorturen Nazioarteko Harremanetarako arduradunak nazioarteko atalean hartu du hitza larunbat arratsaldean, Ahmed Abdelrazek Palestinako Enbaxadorearekin, Euclid Tsakalotos Greziako Knapo Aferetako Ministro ordearekin eta Sue Van Der Merwe Hego Afrikako ministro ohi eta ANCko zuzendaritzako kidearekin batera.
Elejabarrietak Arnaldo Otegik idatzitako gutun bat irakurri du (azpian). Izan ere Ard Fheis honetan aurkeztu eta onarturiko mozioen artean, Sinn Féineko zuzendaritzak eta preso ohien elkarteak Arnaldo Otegiren, auzi politikoetan kondenatutakoen eta preso gaixoen askatasuna eta dispertsio politikaren amaiera eskatzen duen mozioa aurkeztua zuten.
Arnaldo Otegiren agurra
Burkide eta lagun agurgarriak,
Neguko egun eguzkitsu batean idazten dizkizuet lerro hauek Logroñoko kartzelako nire ziegatik. Porlanezko eraikin hau nire bizitoki eta operazio zentro pertsonal bilakatu da 2009ko Urritik, eta bertatik jarraitzen ditut arreta handiz Irlandako prozesuaren eta politikaren garapenak, eta noski, hauetan Sinn Féinek eta mugimendu errepublikarrak jokatzen duten eta etorkizunean jokatuko duten papera ere.
Syrizak Grezian, Sinn Féinek Irlandan eta EH Bilduk Euskal Herrian, betekizun erabakigarriak izango dituzte etorkizun hurbilean, jende arruntaren eskubideen defentsan eta gure herrien subirautzaren defentsan.
Bakearen eta justiziaren aldeko erabaki eta konpromisoa Irlandako eta Euskal Herriko prozesuekin oso loturik dauden kontzeptu klabeak dira. Estatu Espainolaren Gobernuak gatazkaren konponbidearen alde ez mugitzearen erabakia hartua zuen egoera latzean, Ezker Abertzaleak bere estrategia politikoan aldaketa garrantzitsuak burutzea erabaki zuen eta honek ETAren ekimen armatua bukaera eta aliantza politikoei dagokienean politika berria ekarri zituen.
Ekimen apurtzaile hauek aldebakartasunean egon dira oinarrituak; Madrilek oinarrizko eskubide demokratikoak burugogorkeriaz ezeztatzeak, ez du Euskal jendartearen gehiengo zabalaren eta Madrilen arteko konfrontazio demokratikoaz aparte beste aukerarik uzten. Duela lau urte norabide horretan harturiko erabakia egokia dela frogatu da gatazkaren konponbiderako konpromiso publikoari dagokionean. Honen ondorioz EH Bilduk posizio politiko indartsu eta zentrala du euskal politikan; azken urteotako arrakasta garrantzitsuena Ezker Abertzalearen diskurtso eta posizio politikoak euskal jendartearen iritzi publikoarekin duen lotura handia da.
Ezin dugu Madrilez Gatazkaren konponbidearekiko ekarpen positiborik espero, eta beraz bada garaia euskal herritarrok gure kabuz pentsatu eta lanari ekin diezaiogun, eta gure onena egin dezagun bakearen eta gure herriaren erabakitzeko eskubidearen erronkak gure herriko eztabaida politikoaren muinera eramateko.
Bakearen etsaien jarrera edozein dela, Ezker Abertzalearen jarrera baikor eta eraikitzailea eta konponbide prozesuaren garapenerako konpromiso guztiak mantendu eta indartu behar dira, gure eskura dauden emkanismo demokratiko guztiak erabiliz. Mugimendurik gabeko Espainiako politika ezin da onartu eta ezin da mugiezintzat jo; bakearen bila dabiltzan eragile guztiek ekimen politikoak martxan jarri behar dituzte; eta bereziki Ezker Abertzaleak, konponbide integralarekin engaiaturiko eragile gisa.
Presoak goiz askatzeko plana; biktima guztien onarpen eta babes publikorako planteamendu egokia; armagabetzerako mekanismo adostu eta desmilitarizazioa dira bake prozesua sustazeko epe laburrean jorratu beharreko gai gakoak eta prozesuan interesa dutenek paper erabakiorra dute.
Betebehar guzti hauek nazioarteko komunitatearen babesa behar dute eta bereziki mundu osoko gure lagunena; mugimendu errepublikarrak, oso paper garrantzitsua jokatu Euskal Herriko bake prozesu egun dagoen tokira eramateko; eta beraz ezer gutxi eskatu behar diogu Ard Fheis honi; zuen babesean konfiantza dauakgu eta berriro ere gure eker ona adierazten dizuegu.
Aldaketa handiak burutu nahi dituzten pertsona guztiek erronka handiak izango dituzte eta hori askapen nazionalaren eta justizia sozialaren alde borrokan gauden euskaldun eta irlandarrei ere aplikatzen zaigu. Jarrera irabazteko lehenengo urratsa denez, dauzkagun lanei baikorki eta konfiantzaz ekitea eskatuko nizueke, irri egin eta garaipena gurea izango da!
Nire agurrik bero eta iraultzaileenak Logroñoko kartzelako nire ziegatik.
Beir bua!
Arnaldo Otegi