Julen Arzuaga Bogotan dago Kolonbiako presoen inguruko "La larga vida de las mariposas" nazioarteko jardunaldien bigarren saioan. Aurreko saioan Amaia Izko abokatuak parte hartu zuen. Jardunaldietan Kolonbia osotik etorritako presoen senide eta elkartasun taldeek hartu dute parte.
Jardunaldiek Kolonbiako negoziazio prozesuaren agendan presoen auzia kokatzea dute helburu eta horretarako nazioarteko eta Kolonbiako ordezkari ezberdinen ekarpena jaso dute. Nazioartetik ordezkari ezberdinek euren esperientzia edo ezagutza partekatu dute, Palestina, Kurdistan, Brasil, EEBB, Paraguay, Venezuela, Danimarka eta Euskal Herritik hizlariak izan dituztelarik.
Modu berean Kolonbiako prozesuan oso esanguratsuak diren Piedad Cordoba eta Ivan Cepeda senatariak hartu dute hitza (Cepeda duela gutxi egon zen EAEko Legebiltzarrean EH Bilduk gonbidatua) eta FARCek La Habanan duen delegazioak grabaturiko agurra bideratu du.
Arzuagak ostiraleko aurkezpenetan parte hartu zuen, bere hitz hartzean euskal presoek pairatzen duten egoera azaldu zuen, Arnaldo Otegiren eta auzi politikoetan epaiturikoen egoera aipatu eta asteburu honetan aske utziko duten Pablo Gorostiagaren kasua aipatu zuen, Espainiako legediak 70 urtetatik aurrera baldintzapeko askatasunak agintzen baditu ere, Laudioko alkatea 72 urte izanda zigor osoa betetzera derrigortu dutela azpimarratu zuen.
Presoen askatzea lortzeko martxan dauden ekimenen eta horietan egiten diren ekarpen modu ezberdinak azaldu zituen eta presoen askatasuna berreskuratzeko konpromisoa azpimarratu zuen. Azkenik aurreko astean EH Bilduren ekimenez EAEko parlamentuan Kolonbiako prozesua babestuz onarturiko mozioaz hitz egin zuen.