Europako ordezkaritza zabal batek parte hartu zuen uztailaren 19, 20, 21 eta 22an ospatu ziren Nikaraguarekiko europar elkartasunaren III. Topaketetan. Ordezkaritza hori Europako herri desberdinetako (Katalunia, Gales, Ingalaterra, Belgika, Espainia, Italia, Suedia...) mugimendu politiko nahiz sozialetako ordezkariek osatu zuten.
Sortu ordezkatuz Asier Altuna izan zen bertan. Herri Iraultza Sandinistaren 36. urteurreneko ekimenetan parte hartu zuen uztailaren 19an; zeinetara 500.000 lagun baino gehiago bertaratu ziren.
Uztailaren 20 eta 21ean urteko balantzea eta elkartasun sarea hedatzen joateko nahiz Europan barrena iraultza sandinistaren bigarren fasea ezagutzera emateko plangintza eztabaidatu ziren.
Bertan adierazpen bat onartu zen. Adierazpenaren bidez Nikaraguako gobernu sandinistari babesa emateaz gain, Kolonbiako nahiz Euskal Herriko bake prozesuekiko sostengua adierazi zen.
Jardunaldien itxieran Daniel Ortega Saavedra Komandantea eta Nikaraguako Errepublikako presidenteak parte hartu zuen. Bertan, Sorturen ordezkariak, ikurriña eta "Tiempo de Luces", Arnaldo Otegiren liburua, eman zizkion.