Gaur hasita eta datorren abuztuaren lehenerarte, Mexiko DFn ospatzekoa da Sao Pauloko XXI foroa. Hego Amerika eta Karibeko mugimendu politko eta sozial eraldatzaileen topagune da foroa eta aurten, 23 herrialde ezberdinetako ordezkariak bildu behar zituen. Mugimendu horiekin harremana duten mundu osoko eragileentzako, Sortu kasu, ohiko hitzordua izaten da ere foroa. Era berean, pentsamendu politiko eta intelektualerako fundazioentzako jarduerak ere barnebiltzen ditu foroak eta horregatik da ere Iratzar Fundazioarentzako erreferentzia gune.
Hori da Asier Altunak, Sorturen Amerikarako arduradunak eta Floren Aoizek, Iratzar Fundazioaren zuzendariak Sao Paulo Foroan parte hartzeko arrazoia. Foroaren antolatzaile diren PT eta PRD alderdiekin ere harreman estuak ditu Sortuk.
Foroan garatu beharreko agendaz gain, bestelako ekimen batean ere hartu behar zuten parte Aoiz eta Altunak: "Free Otegi. Free them all" kanpainaren baitan Fundación Democraciak antolaturiko ekitaldian hain zuzen ere.
Astelehenean Mexiko DFko aireportura iristean, Altuna eta Aoiz geldiarazi zituen polizia mexikarrak, deportatzeko asmoz. Inolako azalpenik eman gabe, bi hegaldi desberdinetan Madrilera bueltan bidali zituztelarik. Gaur goizean bertan iritsi da Aoiz Euskal Herrira eta atzo Altuna.
Foroko antolatzaileek esan digutenagatik, euskal ordezkariei gain, beste lagun batzuei ere ukatu zaie Mexikora sarrera.
Gure kide mexikarren eskutik informazio gehiago batzen ari gara, izan ere, salaketa baieztatuko balitz, Sao Paulo Foroaren kontrako eraso baten aurrean ginake. Kontuan eduki beharra dago Enrique Peña Nietoren gobernuaren jarrera zein den eta zer nolako lotura estuak dituen ere Mariano Rajoy zein PPren politika errepresiboarekin.
Sortuk eta Iratzarrek gure haserrearen berri emango diegu Mexikoko agintariei, bai Mexikoren Madrilgo enbaxadaren bidez, bai eta Sao Paulo Foroaren bidez. Edozein kasutan, aurreko foroetan bezala Sao Paulo foroan ezker independentistaren mezua entzunarazia izan dadin lan egingo dugu. Oroitu nahi dugu 2012ko Sao Paulo foroak Euskal Herrian irekiriko testuinguru politiko berriari bere babesa adierazi ziola eta Aieteko adierazpenak interpelaturiko gobernu zein eragile politiko ezberdinei dei egin ziela gatazkaren arrazoi zein ondorioak gainditzeko politikei ekiteko.
Edozein kasutan, argi utzi nahi dugu ezker independentistak Amerika Latinan zein Mexikon dituen harreman politikoak elikatzen jarraituko duela. Izan ere, Mexikotik zein kontinente osotik hamarkadetan zehar jasoriko elkartasuna handia izan da eta era berean, gatazkaren konponbide prozesuak babes handiak dituelako. Oroitarazi nahi dugu 2013ko urrian Mexikoko hiriburuak Encuentro Continental por la Paz en el País Vasco – Euskal Herrian bakearen eraikuntzarako Topaketa Kontinetala jaso zuela, non Aieteko Adierazpenaren bideorriak kontinente osoko 12 lehendakari eta gobernu buru ohiren babesa jaso zuen.