Kolonbiako gobernuak eta FARC-ek biktimen erreparazio eta justiziarako sinatutako akordioa, euskal gatazka politikoaren testuinguruan pareko akordioak lortzen lagundu beharko lukeen berri ona da.
Erdietsitako akordioak nazioarteko mugarri berria ezarri du bortxakeria politikoaren biktimen aferari heltzeko orduan. Gainera, garrantzizkoa da aipatu akordioa Gobernu kolonbiarra eta FARCen arteko elkarrizketen ondorioa izatea; beraiei dagokie bortxakeriaren erabilpenaren ondorioei dagozkien erantzukizunak bere egitea eta horrelaxe ari da gertatzen.
Uste dugu akordioaren edukiek argia ekarri beharko luketela euskal gatazka politikoak urtetan eragin dituen biktimen afera jorratzerakoan. Lehenik eta behin, akordio kolonbiarrak biktimatzat hartzen ditu giza eskubideen urraketa pairatu duten pertsona guztiak, eta hori biktima izaera bakar-bakarrik ETAren biktima izandakoei ematearen aldekoak ez garenon jarrera berrestera dator; Estatuaren edota parapolizialen bortxakeriaren biktimek (500 pertsona inguru) hala nola zaurituta izan ziren guztiek edota indar polizialen eskutik tortura jasan zuten milaka herritarrek aitortza eta erreparaziorako eskubidea duten biktimak dira ere. Biktimatzailearen araberako biktimen sailkapenaren kontzeptutik ihes egiten du Kolonbiako akordioak nazioarteko esperientziaren aholkuaren arabera eta horrela, bortxakeria eta giza eskubideen urraketa guztien biktimak aitortzearen alde kokatzen da.
Sufrimenduaren aitortza unibertsaletik abiatuta, egiaren ezagutza funtsezkoa da bizikidetzarako eta gertatutakoaren ez-errepikapenerako. Horrela da Kolonbiako akordioan eta horrela izan behar du ere euskal gatazka politikoaren erresoluzio prozesuan.
Sorturen ustez euskal gizarteak eskubidea badu gertatutako guztiaren inguruko egia ezagutzeko, giza eskubideen urraketa guztiak bilduko duen memoria erabatekoa osatu horren gainean gure herriak behar duen normalizazio sozial eta politikoa eraikitzeko.
Norabide horretan, Sortuk goraipatu nahi du biktimei erreparazioa eta justizia emateko Kolonbiako akordioaren sinatzaile direnen ausardia. Sortuk azpimarratu nahi du biktimen aferaren inguruan 2012ko otsailean argitara eman zuen Konponbide Haizea (Kursaaleko agiria) dokumentuan jasotako edukiek duten gaurkotasuna Kolonbian sinatutako akordioarekin alderatuta. Horrela, nabarmen agertzen da Ezker Abertzaleak biktimen aferaren inguruan mantentzen duen jarrera guztiz bat datorrela gauregun nazioarteko eremuan gai honi dagokionean erabiltzen diren molde eta bideekin.