ALBISTEAK

Sindicato Andaluz de Trabajadoreseko Óscar Reina idazkari nagusia buru zuen ordezkaritza bat, Gorka Elejabarrieta eta Jone Etxeberria Sorturen birfundaziorako zuzendaritzako kideekin eta Sabino Cuadra diputatu oiharekin bildu zen atzo Donostian. Bileraren helburua bi antolakundeen arteko harremanak estutzea izan zen, gaur egungo erronkak eta aurrera begirako irakurketak trukatuz.

Estatu espainoleko eta Europako egoeraz mintzatu eta Euskal Herrian zein Andaluzian emandako azken gertakariak ere izan zituzten hizpide ordezkaritzek.

Azken urteetan Europan zein estatuan botere finantzero eta ekonomikoek aurrera eramandako ofentsiba neoliberalek, eskubideak urratu eta langileen eta herri sektoreen lan-baldintzak eta bizi-baldintzak okertu baino ez dituztela egin ulertzen dute bi ordezkaritzek. Eta modu berean, erreforma laboralak, pentsioen erreformak edota estatu espainoleko etxebizitza legeak gure herrietan izandako ondorio kaltegarriak azpimarratu zituzten, estatu osoko bazterrak txikitzen dituzten kaleratzeak, EREak, langabezia eta etxegabetzeak eraginez.

Sorturen ordezkaritzak iragan den uztailaren 2an martxan jarritako birfundazio prozesuaren berri eman eta datorren irailaren 25eko hauteskundeek suposatzen duten erronka azaldu zuen, Arnaldo Otegi inhabilitatzeko saiakera azaltzeaz gain.

Haien aldetik SATeko ordezkariek Somonteko lursailaren egoeraren berri eman zieten Sorturen ordezkariei. Pasa den ekainaren 28an berhartu zuten Somonteko lursaila, herriaren esku uzteko, 2012an Andaluziako Juntak alde batera utzi zuenetik herriak zaindu ea laboratu duen lursaila.

Azkenik bi delegazioek 365 euskal presoen eta Andrés Bódalo Sindikalista Andaluziarraren egoerak eztabaidatu dituzte, Bódalok duela gutxi hirugarren gradua ukatua izan du, bere konpromisoa ez errefusatzeagatik.

Bi ordezkaritzek sistema kapitalista patriarkarrari estatu osoan aurre egiten dietenen artean harremanak estutzearen garrantzia azpimarratu eta Sortu eta SATen arteko lotura indartzen jarraitzeko zein herrien subirautza berreskurapena aldarrikatzen jarraitzeko konpromisoa hartu zuten.

Bilera bukatzean, Jone Etxeberriak, Sorturen Birfundaziorako zuzendaritzaren izenean, "etorkizun hobe baten alde borrokan diharduten pertsona guztiekin harremanak mantendu eta estutzeko beharra" azpimarratu zuen eta "Euskal Herria eta Andaluzia lotzen dituen zor historikoa" balorean jarri zuen "beste eremu batzuetatik gurera etorritako pertsonek gure herriaren askapen sozial eta nazionalari egin dioten ekarpenagatik".

Bere aldetik SATeko Idazkari nagusiak, Óscar Reinak, "SATen borroka eta Langile Klasearen antolaketa marko amakomunean sinisten dugu, mugimendu, alderdi edo sindikatu bakoitzaren idiosinkrasia errespetatuz gure herri eta nazioen nahi emanzipatzaile eta libertarioen garapenerako plan amankomuna koordinatu dezagun."

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.