ALBISTEAK

AEBtako hauteskundeetan izan den emaitza mendebaldeko gizarteetan gertatzen ari denaren isla da. Garai nahasiak eta gatazkatsuak bizi ditugu; ez da irakurketa luzerik behar mendebaldeko herri eta estatu ezberdinetan aldaketa sakonak ematen ari direla ondorioztatzeko, baina analisi finagoak beharko ditugu aldaketa horien aurrean ematen diren erantzunak modu egokian baloratzeko.

Munduan zehar krisi sistemikoak bizitza-estandarren kaltetzea ekarri du; krisi aurretik euren burua klase ertaintzat zuten herritarrak prekarizazio prozesuetan murgilduz eta gazte belaunaldiei etorkizun iluna aurkeztuz. Nahiko argi dago krisi aurreko bizimaila ez dela berreskuratuko eta aldi-batekoa zirudien austeritate eta murrizketen politikak denbora luzez aplikatzeko asmoa dutela agintariek.

Aurreikuspenak horiek izanda herritar askok haserre eta ezinegona sentitzen dituzte statu quoarekiko. Erabakiak hartu dituzten politikari, alderdi eta sistemaren aurrean bestelako erantzunak bilatzen hasi dira.

Estatu Batuetako azken hauteskunde hauetan, erantzun horien adibide ezberdinak izan ditugu. Alde batetik, Trumpen kanpaina izan dugu, autoritarioa, arrazista, emakumeen eta gutxiengoen aurkakoa, askatasun zibilak jomugan jarri dituena; bestetik Bernie Sanders demokrata progresista eta Our revolution mugimendua ere lehian egon dira, aterabide aurrerakoia emateko proposamena luzatuz eta azkenik, alderdietatik hurbil zeuden hautagai ofizialak izan dira, bai alderdi demokratan zein errepublikarrean eta hauen artean Hillary Clinton izan da egungo “sistemarekin” argien lerrokatu dena.

Alderdien barne mailako prozesuetan gailendu ostean, grosso modo, Hillary Clinton, statu quoaren hautagai gisa aurkeztu da eta Donald Trumpek bere burua kanpotar gisa (outsider gisa) aurkeztu du, alderdien eta sistemaren oinarri tradizionaletatik urrun.

Hauteskunde eguna ailegatuta, Trumpen kanpainak jendearen ezinegona bideratzen jakin du, aurretik Brexitaren fenomenoarekin gertatu zen moduan eta hurrengo hilabeteetan ultraeskuinak izan ditzakeen gorakaden lerro berdinetik. Ereduaren krisiaren aurrean ezkerreko alternatiben ahul daudelarik, mugimendu populista eskuindarren gorakada datorrela dirudi besteak beste, Hungrian, Frantzian, Austrian eta Holandan...

Horretaz gain AEBko hauteskundeek (eta Brexitak horren aurretik) argi uzten dutena da adituek eta kazetariek beraiek ere ez dutela ulertu nolako tamainakoa den herritarren kritika maila egungo status quoarekiko eta alderdi tradizionalekiko. Argi dago komunikabide nagusiak, iritzi korronte nagusiak ez daudela kontaktuan milioika herritar xumeekin eta hauek pentsatzen dutenarekin eta beren kezkekin. Agorpen bat dago, status quoaren agorpen bat. Amerikar herritarren deskontentoa pentsatzen zena baino handiagoa da. Eta egoera horretan Trump bezalako hautagaiek lortu egiten dute jendearen ezinegona bideratzea. Horren adierazle dira emaitzak.

Sortuko kideontzat Trumpek kanpainan erabilitako erretorikak eta horrek praktikan izan ditzakeen ondorioak ikaragarri arriskutsuak egiten zaizkigu. Trumpek egungo sistema zapaltzailearen aurrean, alternatiba are autoritarioagoa, arrazistagoa, emakumeen eta gutxiengoen aurkakoagoa, plazaratu du, askatasun zibilak jomugan jarriz.

Hemendik aurrera zabaltzen den egoeraren analisi lasaiagoa egin beharko dugu, izan ere kanpainan esaten direnetatik errealitatera aldaketak egoten direlako eta oraindik goiz delako Estatu Batuetako botereak zelan berregokituko diren jakiteko.

Bukatzeko hauteskunde hauen emaitzak jada pizturik genituen alarma gorri guztiei berriro kasu egiteko larrialdi deialdia egiten digute, datozen urte eta hilabeteotan Euskal Herriko jendarteari alternatibak eskaini eta gurean ere erabiltzen saiatu den xenofobiari aurre egiteko.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.