Bidenabar deia luzatzen diegu Gobernu kolonbiarrari eta ELNri lehenbaitlehen elkarrizketarako mahai formala osa dezaten.
Kolonbiako Gobernuaren eta FARCen ordezkariek Habanan lortu duten akordio berriaren iragarpenaren aurrean, Sortuk bere onarpen zintzoa agertu nahi die negoziazio berri hauetan parte direnei, erakutsi duten jarrera arduratsu eta eraikitzaileagatik. Prozesua bere errailetik atera nahi duten guztien gainetik, negozioazioan parte direnek, berriro ere, ardura eta ikusmira luzez ari direla erakutsi digute.
Zentzu honetan, lortutako akordio berri hau atsegin handiz hartzen dugu, bi aldeak zoriontzen ditugu eta guztiei dei egiten diegu egindako saiakeraren aurrean ardura gorenez joka dezaten.
Orain arte egin dugun moduan, aurrerantzean ere, Sortuk bere babes osoa agertu nahi du kolonbiar FARCen eta Gobernu kolonbiarraren artean burutzen ari den bake prozesuaren aurrean, eta dei bat luzatu nahi diogu euskal gizarteari eta berau ordezkatzen duten instituzioei, beren babes eta laguntzarekin jarrai dezaten.
Bestalde, ELN eta Kolonbiako gobernuaren arteko elkarrizketa fasearen hasierak bizi duen blokeo egoera dela eta, aldeak deitzen ditugu, dagoeneko adostuta dagoenari kasu eginez, gaizki ulertu eta oztopoak lehenbailehen gaindi ditzaten.
Iragan urriaren 10ean sinatu ziren akordioetan jasota dagoen moduan, eta aske utzi beharreko pertsonen gaia konpontzeari begira, ELN, gobernuko ordezkariak, apezpikutza eta bermatzaile diren sei herrialdeek osatzen duten batzorde humanitarioa agurtzen dugu.
Kolonbiako bake prozesuak ELN eta Gobernuaren arteko negoziazio mahaiak aurrera jarrai dezan behar du Kolonbian erabateko bakea gauzatu dadin.