Lau urteko ibilbidea eginik, Sortuk bere Birfundazio Kongresua burutu du, eta, bizi dugun garai historiko hau ezaugarritzeko saiakeran hasita, krisia da lehen lerroan jarri ohi den berba. Zalantzarik gabe, eragin handiko gertakari politiko eta sozialak bizitzen ari gara krisi egoera orokorraren testuinguruan, eta esango genuke une historiko oso berezian gaudenaren sentipena indartuz doala gure kontzientzietan. Garai konplexua da inondik inora, arrisku kolosalak eta itxaropen printzak txirikordatzen direnekoa.
Globalizazio neoliberalaren eragin anitzen artean –politikoak, kulturalak, sozialak–, eskala nazionaleko egitura produktiboak presio konpetitibo handiko nazioarteko joko zelaian integratu dira, eta honek mundu mailako indar harremanen oreka aldatzen ari den agertoki historikoan jarri gaitu. Izan ere, Amerikako Estatu Batuek eta europar mendebaldeak jokatu duten lidergo papera zalantzan dago inoiz baino gehiago.
Beharbada azken hamarkadetako aldaketa ekonomikorik funtsezkoenetakoa da honako hau. Testuinguru honetan kokatzen dira han eta hemen egin diren esku-hartze militarrak eta piztu diren gerra fronteak – Magreb, ekialde hurbila edota Ukrania kasu– nahiz garrantzi estrategiko nabariko agertoki berrien sorrera eta horren ondorioz pizten ari diren tentsioak –Asia/Pazifikoa kasu–. Mundu multipolarraren jokaleku arriskutsu honek interes kapitalisten talka geroz eta biziagoak ekarriko ditu aurrerantzean ere.
Egoera horren aurrean, Europar Batasunak austeritatean oinarritutako politika ekonomikoa gauzatzen jarraitzen du, finantza-kapitalari lehentasun osoa emanez, horrek aberatsen eta pobreen arteko arrakala etengabe handitzen duelarik: aberatsak gero eta gutxiago eta aberatsagoak dira, eta pobreak gero eta gehiago eta pobreagoak. Politika horrek burujabetza kentzen die Europar Batasuna osatzen duten herriei eta botere ekonomikoaren erabakigune antidemokratikoen esku uzten du. Europa horretan, desberdintasunak gero eta handiagoak dira eta eskubideak etengabe murrizten dira. Europar Batasun horrek mugak ixten dizkie gerratik eta miseriatik ihesi doazen pertsonei eta, aldi berean, Turkiakoa bezalako erregimen antidemokratikoei ordaintzen die bere lan zikina egin dezaten.
Latinoamerikari dagokionez, indar aurrerakoi eta ezkertiarrek lortua zuten neoliberalismoaren gau luzea nola edo hala gainditzea, baina, orain, estatu kolpe eta ezegonkortze kanpaina bortitzen bidez, indar atzerakoiak ahalegin guztiak egiten ari dira gobernu aurrerakoiek pobreziaren, desnutrizioaren eta analfabetismoaren kontrako borrokan egin dituzten aurrerapen ukaezinak ezeztatzeko. Kontsorzio mediatiko, politiko eta ekonomiko oso ahaltsuen laguntzarekin, indar atzerakoiek berriro eraman dituzte boterera haien politika ezin kaltegarriagoen txotxongilo hutsak diren agintariak, estatu kolpeen eta itotze ekonomikoaren mehatxupean. Eta, agertoki global horren aurrean, herriak eta klase herritarrak dira erresistentzia bideratu behar dutenak. Beren etorkizunaren jabe izan nahirik nazio burujabetzaren eta determinazio librearen alde borrokan ari diren herriak dira dogma neoliberal horri aurre egiten diotenak. Gizartearen gehiengo zabala osatzen duten gizon-emakumeak dira beren pobretzearen eta botere galeraren aurrean erantzun behar dutenak.
Orain dela lau urte bezalaxe, Sortutik ozenki aldarrikatzen dugu Ezker Abertzaleak bere sorreratik bertatik bere egin duen borroka antiinperialista eta internazionalista, besteak beste Kubako, Filipinetako edo Rifeko independentziaren aldeko borroka babestuz. Aljerko Gutuna geure eginez, nazio burujabetzaren alde, determinazio librearen alde eta kanpoko nahiz barruko kolonialismoaren kontra buru-belarri ari diren herri guztien borroka goretsi eta babesten dugu. Horregatik, herrien eta herritarren Europa baten aldekoak gara.
Askatasunean, elkartasunean eta justizia sozialean oinarritutako Europa bat aldarrikatzen dugu. Inolako injerentziarik gabeko elkartasuna sustatuko duen Europa bat. Herri guztiek beren etorkizuna libreki erabaki ahal izango duten Europa bat.
Hala, elkartasun internazionalista ipar hartuta:
- elkarrizketa eta negoziazioa babesten ditugu gatazkak konpontzeko bide gisa.
- kapitalaren eta bizitzaren arteko kontraesana gainditzen duten eta produkzio eta erreprodukzio soziala bizitzaren irankortasunerako ardatz nagusitzat hartuz beste narratiba batzuk sortzen dituzten logika sozioekonomikoak babesten ditugu.
- Frantziako nahiz Espainiako estatuetako eta, oro har, Europako klase herritarren aldean kokatzen gara.
- Espainiako eta Frantziako estatuen menpeko herrien aldarrikapenak babesten ditugu, bereziki nazio burujabetza osoaren aldarrikapena. Galizarena eta Kanakyrena batez ere.
- Herrialde Katalanetan irekitako prozesu independentista babesten dugu eta gure elkartasun osoa adierazten diegu herritarren eskakizunak defendatzeagatik eta herriari ahotsa emateagatik Estatuaren errepresioa pairatzen ari diren pertsona eta hautetsiei.
- Korsikan egin dituzten aurrerapen handiak balioesten ditugu eta abiatutako prozesua babesten dugu.
- gure babes osoa adierazten diogu Irlanda batu, gaeliko eta libre bati. Uhartea batzeari buruzko eztabaidan parte hartzera animatzen ditugu irlandarrak. Hala indar politiko guztiek nola Erresuma Batuko eta Irlandako gobernuek errespetatu eta bete egin behar dituzte Ostiral Santuko Akordioak, haien ondorengoak eta haietatik sortutako instituzioak. Sinn Fein zoriontzen dugu gai horietan erakusten ari den lidergoagatik.
- ezker abertzalearen eta Fronte Polisarioaren artean beti egon den adiskidetasun sakonetik, beste behin ere gure elkartasun osoa adierazten diogu Saharako herriak autodeterminazio librerako eskubide ukaezinaren alde aurrera daraman borrokari. Ildo horretan, aurrerantzean ere ahal dugun guztia egingo dugu Nazio Batuen Erakundearen ebazpenak bete daitezen eta lurralde okupatuetan behingoz buka daitezen giza eskubideen eta eskubide zibil, politiko, ekonomiko eta kulturalen urraketak. Elkartasunaren eta elkalanaren bidez horren alde lan egiteko konpromisoa hartzen dugu. Azkenik, berriz ere gure aitortza osoa adierazten diogu Mohamed Abdelaziz idazkari nagusi hil berriari.
- gure babesik irmoena erakusten diogu palestinarrek determinazio librearen alde eta Palestinako Estatu bideragarri, oso eta burujabe bat eratzeko aurrera daramaten borrokari. Irtenbide justu eta irakunkor baterako deia egiten dugu, Palestinako lurraldeen okupazioarekin amaitzeko, preso politikoak askatzeko eta errefuxiatuen arazoa konpontzeko. Legez kontrako asentamentuen eta lurraldearen bantustanizazio prozesuaren amaiera exijitzen dugu. Halaber, palestinarren arteko elkarrizketen barruan Palestinako indarrek nazio estrategia bateratu eta eraginkor bat ezartzeko erdietsi dituzten akordioak txalotzen ditugu. Palestinako herriaren borrokarekiko elkartasun internazionalista indartzeko konpromisoa hartzen dugu. Halaber, okupazioarekin bukatzeko eta Israelgo Estatuaren ondoan bakean eta askatasunean biziko den Palestinako Estatu bat eratzeko lan egiten duten Israelgo indar politiko aurrerakoiak eta bake erakundeak txalotzen ditugu.
- herri kurduaren borrokarekiko elkartasuna berresten dugu. Abdullah Ocalan buruzagiaren askatasuna aldarrikatzen dugu eta ekintzaile, hautetsi, abokatu, kazetari eta, oro har, herri kurduaren kontrako errepresioaren amaiera exijitzen dugu. Herri kurdua txalotzen dugu basakeriaren aurkako erresistentziagatik eta, era berean, Konfederalismo Demokratikoaren dohainak nahiz Rojavan garatzen ari diren behetik gorako antolakuntza esperientzia demokratikoak balioesten ditugu. Halaber, bake justua eta iraunkorra lortzera bideratutako elkarrizketa eta negoziazio prozesu bat irekitzeko eskatzen dugu.
- Siriako egoerari irtenbidea bilatzeko asmoz Kazakhstango hiriburu Astanan egingo den bilera prozesu politiko inlusibo bat irekitzeko baliagarria izatea espero dugu, herrialdea erabat suntsitu duen gerra konpontzeko eta hondamenarekin, heriotzarekin eta sufrimenduarekin amaitzeko.
- Filipinetako Fronte Nazional Demokratikoaren eta gobernuaren arteko elkarrizketa prozesu berria babesten dugu. Espero dugu prozesu hori baliagarria izatea Filipinetako herriak giza eskubideen arloan dituen aldarrikapen historikoak asetzeko eta gatazkaren sustrai ekonomiko eta sozial sakonei erantzuteko.
- gure babes osoa adierazten diogu Kolonbiako Gobernuak eta FARCek lortu duten akordioari. Halaber, Kolonbiako Gobernuak eta ELNk Quito hirian elkarrizketa mahai publiko bat ezartzeko erdietsi duten akordioa txalotzen dugu. Azaroaren 12ko akordioak bere baitan biltzen du Landa Erreforma Intregrala, Irekitze Demokratikoa, legez kontrako erabilera duten kultiboen arazoaren konponbide politikoa, Biktimentzako Egia, Justizia, Erreparazioa eta Ez errepikatzea, eta Genero ikuspegia. Halaber, akordioak bermatzen du FARC-EPko kideak bizitza zibilera itzuliko direla eta mugimendu politiko legal batean parte hartu ahalko dutela, beren eskubide politiko guztien jabe. Horrekin batera, atzean uzten ditu etsaiaren zuzenbide penala eta zigorra nahiz espetxea oinarri zituen sistema judiziala, eta atea irekitzen dio justizia leheneratzailean oinarritutako sistema berri bati, gatazkaren aktore guztientzat. Kolonbian bakea nagusitzearen kontra dauden sektoreek sustatutako talde paramilitarrak mugimendu sozialaren kontra burutzen ari diren probokazioek eta jazarpenak kezkaturik, Kolonbiako Estatuari eskatzen diogu erabat berma ditzala oposizio politiko eta sozialaren askatasun ideologiko eta politikoa eta haren kide guztien segurtasuna (bereziki Marcha Patriotica, Cumbre de los Pueblos eta Minga Indigena erakundeetako kideena). Kolonbian bake justu eta iraunkorra lortzeko abiatu duten bidean aurrera egitera animatzen ditugu herritar eta eragile guztiak.
- berriz ere, gure babes osoa eta mirespenik handiena adierazten diegu Kubako herriari eta haren iraultzari. Era berean, eta mundu zabaleko indar aurrerakoi guztiekin batera, uharteak pairatzen duen enbargo bidegabe eta gizagabearen amaiera exijitzen dugu. Gure agurrik beroena eta errespeturik sakonena Fidel Castro Ruz komandanteari.
- Venezuelako herria txalotzen dugu eta, egoera zail honetan, gure elkartasun osoa adierazten diegu Venezuelako Gobernuari eta mugimendu bolibartarrari, justizia sozialaren bidean egindako aurrerapenak zeharo balioetsiz. Zinez uste dugu elkar-ulertzea dela krisi hau gaidintzeko bide bakarra, betiere Venezuelako herriaren erabakiguneak errespetatuz eta kanpoko injerentziarik gabe, azken horrek zatiketa eta krispazioa sustatzen baititu.
- gure elkartasun osoa adierazten diegu Latinoamerikako hainbat herrialdetan garatzen ari diren emantzipazio prozesuei eta Boliviako, Uruguaiko eta Nikaraguako gobernu aurrerakoiei.
- Chapultepec-ko Bake Akordioen 25. urteurrena betetzear dagoelarik, gure babes osoa adierazten diegu FMLNri eta El Salvadorko Gobernuari.
- pairatu dituzten estatu kolpe edota impeachment prozesuen aurrean, gure babes osoa adierazten diegu Paraguaiko, Hondurasko eta Brasilgo herriei. Zehazki, gure maitasuna eta elkartasuna helarazi nahi dizkiogu Fernando Lugori, 2012an impeachment baten bidez kargugabetu ostean orain haren kontrako inhabilitazio prozesu bat abiatu baitute lehendakaritzarako hautagai izan ez dadin. Halaber, gure babesa helarazi nahi diegu Hondurasko Manuel Zelayari eta Brasilgo Lula da Silvari.
- gure babes osoa adierazten diegu Latinoamerikako jatorrizko herriei. Historian zehar arpilatuak, erailak, kolpatuak eta gaizki tratatuak izan diren maputxe herriari eta Brasilgo, Kolonbiako, Ekuadorko, Guatemalako, Hondurasko eta beste lurralde askotako herri guztiei.
- gure babes osoa adierazten diegu neokolonialismoaren uztarritik askatzeko eta burujabetza osoa lortzeko borrokan ari diren Afrikako, Asiako eta Karibeko herriei. Bere erbestealdi luzean apartheid-aren kontrako borroka gidatu zuen Oliver Reginald Tambo presidentearen jaiotzaren mendeurrena betetzen den honetan, gure agurrik beroena helarazi nahi diogu Afrikako Kongresu Nazionalari.
- Mumia Abu Jamal eta Leonard Peltier preso politikoen askatasuna eskatzen dugu eta, Puerto Ricoko gure neba-arrebekin batera, Oscar Lopez Riveraren askatasuna ospatzen dugu.
- mota guztietako zapalduen aldean kokatuko gara beti. Elkartasuna herrien samurtasuna delako.
Bilbo,
2017ko urtarrilaren 21a