ALBISTEAK

Udaberriaren etorrera iragartzen duen Newrozek esanahi berezia dauka Kurdistango herriarentzat. Estaturik gabeko nazio honentzat askatasuna sinbolizatzen duen sua da besta eta aldarrikapena uztartzen duen ospakizunaren osagai nagusietako bat.

Azken hamarkadetan Newroz eguna oso egoera zailean ospatu da. Turkiar estatuak errepresio bortitza eman du plantan.

Aurtengo Newroz testuinguru berezian gertatzen da. Kurdistan herriak pairatzen duen ukazioa iturburu duen gatazkari konponbide demokratikoa bilatzeko aukerak zabalik daude.

Abdullah Öçalan buruzagi kurdu historikoa 1999an atxilotua izan zen. Handik hamar urtera, 2009ean, PKKk (Kurdistango Langileen Alderdia) eta Turkiar estatuko ordezkariek elkarrizketa prozesu bat hasi zuten konponbide baten bila, Oslon.

Elkarrizketa horien ibilbidea ez da erreza izan. Turkiar estatuak prozesua itxitzat eman ostean, Kurdistango askapen mugimenduak emandako urratsei esker egun konponbide prozesu baterako atea zabaldu da.

Newrozen karietara plazaratu den adierazpena posible egiteko BDP alderdiko ordezkariek eta preso dagoen Öçalanek jokatu duten paperak aipamen berezia merezi du.

Momentu itxaropentsu hauetan SORTUk herri kurduaren ausardia eta bere askapen mugimenduaren adorea goraipatu nahi ditu.

Era berean, bere hastapenetan dagoen negoziazioa konponbide prozesu sinesgarri eta funtsezko batera igarotzeko beharra azpimarratu nahi dugu.

Horretarako Abdullah Öçalan, Imrali, gizon bakarreko kartzelatik, ateratzea premiazkoa da. Era berean, preso politiko guztien askatzea eskatzen dugu.

Bukatzeko, SORTUko ordezkariak, Gorka Elejabarrietak, Amed-en (Diyarbakir) bertan egin duen bezala, askatasunaren bidean gure babesa eta laguntza izanen duela adierazi nahi diogu Kurdistango herriari.

Maite Ubiria eta Gorka Elejabarrieta, SORTUren Nazioarteko Harremanetarako Lantaldeko kideak

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.