Martxoaren 31ean Aberri Eguna ospatuko dugu. Aberria Eguna nazio bat garela aldarrikatzeko eguna da. Zazpi herrialdeko euskal herritarrok osatzen dugu Euskal
Herria, baina, mundu zabalean diren euskal herritarrak aitzat hartu gabe nekez irudikatu dezakegu gure nazioa.
Zazpiak Bat ikur gisa harturik, Euskal Herriko enbaxadore onenak izan dira eta badira "zortzigarren probintzia" osatzen duten euskaldunak. Mundu zabalean euskal kultura eta euskal izaera lau haizetara zabaldu dituzuen aberkideak inoiz baino hurbilago sentitzen zaituztegula adierazi nahi dugu.
Denbora berria, erronkaz beteriko denbora bizi du Euskal Herriak. Gure herria bizirik da eta nazioa izateko borondatea du.
Herri borondatea gauzatzeko bidean, hitzetatik ekintzetara igarotzeko unea heldu dela uste dugu. Hortaz jabeturik, naziogintzan jarduten duten erakunde, alderdi, eragile eta
herritar guztiekin batera auzolanean jarduteko gure prestutasun osoa agertu nahi dugu. Guztion beharra dugulako, inor baztertu gabe eraiki nahi dugu gure nazioa.
Bere kemenari esker Europako herri zahar honek aukera historikoa zabaldu du. Mendez mendez eta belaunaldiz belaunaldi bere itzala luzatu duen gatazka gainditzeko aukera
paregabea du Euskal Herriak. Oraindik ere oztopoak ez dira falta. Alta, nazioarteko komunitatea eta euskal gizartearen eskutik, SORTUk elkarrizketa, akordioa eta demokrazia oinarritzat hartuko duen konponbidea ahalbideratzeko bere borondate irmoa berretsi nahi du 2013ko Aberri Egunaren mezu honetan.
Era berean, frantziar eta espainiar estatuekin lotzen gaituzten kateak hausteko denbora dela sinetsita gaude. Krisi ekonomikoak gure herria bortizki kolpatzen duen honetan
inoiz baino beharrezkoa agertzen zaigu estatu propioa izateko beharra.
Finantza munduko botere guneek ematen dituzten aginduei men eginez, Parisek eta Madrilek euskaldunoi proposatzen diguten ereduak pobrezia eta desoreka soziala ekartzen ditu. Alarma gorria pizturik dago.
Erabakiak hartzeko gaitasunik ez duen herriak ezin du bere etorkizunaren jabe izan. Izan ere, SORTU osatzen dugun gizon-emazteok bestelako Euskal Herria eta bestelako
mundua posible direla uste dugu eta eskubide sozialen defentsan jarduteko nahikeria osoa agertu nahi dugu.
Gure hizkuntza eta gure kultura bizirik nahi ditugu; mota guztietako diskriminazioak gaindituz berdintasuna ardatz izango duen gizartea sustatu nahi dugu eta, nola ez,
benetako bakea erdietsi nahi dugu. Horiek guztiak aldarrikatzeko, eta batez ere euskal herritar gisa, apal baina harro, agertzeko baliatuko dugu Aberri Eguna. Itsasun eta
Iruñean antolatutako ekimen zabal eta anitzetan parte hartuko dugu SORTUko militanteok.
Euskal diasporak antolatu ospakizunetan parte hartuko duzuen aberkide guztiak gogoan izango zaituztegu, nola ez, Aberri Egunean. Gure besarkadarik beroena zuontzat!
Gora Euskal Herria Askatuta !