ALBISTEAK

Gorka Elejabarrieta eta Urko Aiartza SORTUren ordezkariek Sinn Fein-en urteroko biltzar Ard Fheis-en hartu dute parte. 2013Ko Ard Fheis Castlebar-en burutuko da, apirilaren 12 eta 13an. Hemen doakizue Gorka Elejabarrietaren hitzartzea.

Gorka Elejabarrietaren hitzartzea

A chara,

Lagun agurgarriak,

Sinn Feineko Nazio Batzarreko kideak, nazioarteko gonbidatuak, Hegoafrika eta Palestinako ordezkari ofizialak, Esquerra Republicanako ordezkaria

Sinn Feineko lagun eta kide agurgarriak.

Ohore bat da niretzat SORTUren izenean hemen egotea. SORTU, Euskal Herriko iparralde eta hegoaldean eratu berri den euskal alderdi politiko bat da. Sortuk, Euskal Herriko gatazkaren konponbidea bultzatzen jarraituko du. Sortuk Euskal Herri independente baten alde lanean jarraituko du. Era berean, Sortuk gizarte aurrerakoiago bat eraikitzen jarraituko du, neoliberalismo basatiak bultzaturiko baloreetatik urrun; berdintasun eta elkartasunezko baloreetan oinarritutako gizartea. Eta guzti hau Euskal Herri osoan egingo dugu, ipar zein hegoan; konbentzituak bait gaude, Euskal Herrian zein Irlandan "elkarrekin indartsuagoak" garela.

15 urte bete dira Ostiral Santuko akordioak sinatu zirenetik. Akordio hura lan gogor baten, elkarrizketa ugariren, eta adostasun zein ezadostasunen ondorioa izan zen. Bertan Irlandan bake justu eta iraunkorreko eszenatoki bat sortzeko oinarriak finkatu ziren. Ez zen prozesu baten amaiera izan, garai berri baten hasiera baizik. Lan gogorra, elkarrizketak eta adostasun zein ezadostasunak jarraitu zuten; baina denok dugu argi egungo egoera Irlandan ordukoa baino hobeagoa dela. Irlan errekontziliazio nazionaleko prozesu bat eratzeko Sinn Fein egiten ari den esfortzuak irmoki babesten ditugu, Irlandar errepublika berri bat sortzeko, zuek guztiak, egiten duzuen lana babesten eta laguntzen jarraituko dugu. Bere ezberdintasun etniko eta kulturalak onartuko dituen errepublika. Autodeterminazio nazionalerako bere eskubidea errespetatua izango duen eta praktikan jarriko duen errepublika.

Hamabost urte pasa eta gero, baieztatu dezakegu Ostiral Santuko akordioak eragin historiko handia izan duela, eta ez bakarrik Irlandako egoeran, baita munduan zehar gatazkan bizi ziren diren hainbat tokitan, Euskal Herria barne. Gatazka bakoitza ezberdina da, eta ondorioz gatazka konpontzeko prozesu bakoitzak bakarra izan behar du. Ez dago "guztientzat eredu bat". Hala ere hainbat lezio ikasi dira Irlandako prozesutik. Euskal Herrian oraindik aurrera eraman ez diren irakaspenak.

Asko aurreratu da orain arte arte Euskal Herrian martxan dagoen konponbide prozesuan, baina askoz gehiago dago oraindik lortzeko. Horretarako elkarrizketa, negoziazioa eta aldeen arteko akordioa beharrezkoak dira.

Urtebete baino gehiago pasa da ETAk bere ekinbide armatuaren amaiera iragarri zuenetik. Elkarrizketa prozesu bat martxan jartzeko baldintzak egon, badaude. Euskal gizarteak eta nazioarteko komunitateak, ordu ezkero norabide horretan emandako urratsak babestu eta bultzatu dituzte. Baina oraindik urrun gaude Euskal Herrian bake justu eta egonkorreko eszenatoki bat lortzetik.

Espainiar eta frantziar gobernuek ez dute eszenatoki berri hau onartu, eta ez dute ezer egin prozesuak aurrera egin dezan. Alderantziz, gatazkaren konponbiderako oztopo nagusienetan bilakatu dira.

Estatu espainol eta frantseseko agintariek preso politikoak erabiltzen eta haiei tratu txarrak ematen jarraitzen dute. Prozesuaren baitan preso guztiak askatuak izan behar direla uste dugu. Ezin dugu bake justu eta iraunkorreko eszenatoki bat eraiki preso politikoak espetxean mantentzen badira. Bide horretan, hainbat neurri humanitario hartu behar dira urgenteki. Espainiar eta frantziar espetxeetan dispertsaturik, beraien herritik urrun, dauden presoak Euskal Herrira eramanak izan behar dira, bertako espetxeetan batuak eta prozesuan parte hartzeko moduan. Espainiar agintariek espetxealdia luzatu dieten presoak askatu behar dituzte. Larriki gaixorik dauden 15 presoak berehala askatuak izan behar dira. Duela gutxi bi preso politikoen heriotza pairatu dugu. Hori ezin da berriro gertatu. Unea iritsi da preso politikoak konponbidearen parte bihurtu daitezen.

Arnaldo Otegik espetxean jarraitzen duela ere gogorarazi nahi dizuet. Euskal Herrirako itxaropen eta aukerez betetako eszenatoki berri hau bultzatzeagatik kondenatua izan da. Hori krimena bada, milaka Euskal Herritar izan behar gara espetxeratuak.

Hala ere prozesuak aurrera egingo du, zailtasun hauek gaindituko ditugu, eta bake eszenatoki batetara iritsiko gara Euskal Herrian. Eskerrik asko urte luze hauetan emandako babesagatik. Une onenetan eta bereziki une zailetan hor egoteagatik. Zuen elkartasuna eta babesa garrantzi handikoak izan dira eta dira guretzako. Gure herrien arteko lokarriak borroka izpirituagatik lotuak daude. Irlandarrak eta euskaldunak bide paretsuak ibili ditugu gure historian zehar eta orain biak gure herrientzat bake eta justizi garai batean sartzen ari gara. Laster Euskal Herria eta irlandar herria aske izango direnaren itxaropena dugu.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.