ALBISTEAK

Hauteskundeen bitartez, Venezuelako herriak Hugo Chavez presidentearen ondorengoa hautatu du. Buruzagi bolivartarrak hil aurretik izendatu zuen ordezkariari, Nicolas Madurori, iraultzak zehaztu bidetik urrats berriak emateko agindua eman diote venezuelarrek.

Venezuelako herritarrek argi eta garbi erakutsi dute eredu berria garatu daitekeela. Eraldaketa politikoa eta soziala ardatz dituen sozialismoa eraikitzeko bidean demokrazia parte-hartzailea tresna egokia dela agerian gelditu da, beste behin ere.

Madurok lortu duen garaipena espero baino estuagoa izan da, baina hauteskunde hauek izan duten parte-hartze maila altua - %78a baino altuagoa- zein ikuskatzaileek adierazirikoa aintzat hartuta, prozesua eta emaitzaren zilegitasuna kolokan jartzeko arrazoi sendorik ez dago.

Hauteskundeetako emaitzek eman dioten indarra barneko erresistentziak gainditzeko eta nazioarteko oztopoak gainditzeko baliatu beharko ditu ezinbestean gobernu berriak.

Iraganean bezala, herritar eta agintarien arteko batasuna arma hoberena da erronkaz beteriko geroari aurre egiteko.

SORTUren izenean, Nicolas Maduro eta herri bolivartarra bozen bitartez lorturiko garaipen berri honengatik zoriondu nahi ditugu. Garaipen honek iraultza bolivartarrak martxan jarri duen eraldaketa prozesuan sakontzeko balioko duela konfiantza osoa dugu.

Hori horrela, Venezuelako herritarren borondatea oinarrituriko aldaketa prozesuari gure atxikimendu osoa agertu nahi diogu. Era berean elkartasun internazionalistak inoiz baino beharrezkoa dela gaur zalantzarik ez dugu eta Venezuelari elkartasuna indartzeko dei egiten dugu.

Maite Ubiria eta Asier Altuna,
SORTUren nazioarteko harremanetarako arloko kideak

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.