Gorka Elejabarrieta, SORTUko ordezkariak atzo CAMPAC eta HALDANE elkarteek, Garden Court Chambers-en (Londres erdialdean) antolaturiko hitzaldian parte hartu zuen. Hitzaldia Preso Politikoen Nazioarteko Egunaren testuinguruan antolatua zen "GIVE PEACE A CHANCE IN THE BASQUE COUNTRY: JUSTICE AND FREEDOM FOR POLITICAL PRISONERS" izenburupean.
Hitzaldiaren moderatzailea Bill Bowring izan zen, ELDHeko lehendakaria eta berriki aurkeztu den "Bakearen bidean presoen eskubideak errespetatu" (On the path to peace respect prisoners´ rights) nazioarteko ekimenaren sinatzaileetako bat. Hitzaldian parte hartu zuten ere Iratxe Urizar Behatokiko kideak, Asier Aranguren EPPK-ko bozeramailetza taldeko kideak eta Alistair Lyons BirnbergPeirce Solicitors abokatu bulegoko kideak.
SORTUko ordezkariak bere hitzartzean, ezker abertzalea estrategia politiko berri bat hartzera eraman duen prozesuaren azalpen txiki bat egin eta konponbide prozesuaren egungo egoeraz jardun zuen. Elejabarrietak azpimarratu zuen espetxe politikan estatuek urratsak ematea ezinbestekoa dela, espetxe politika hau egoera berrira egokituz.
Asier Arangurenek bideo baten bitartez EPPKren baitan emandako eztabaidaren ondorioak erakutsi eta egun kolektiboko kideak bizi duten egoera azaldu zuen.
Iratxe Urizarrek Estatu espainolak kriminalizazio politikak ezarri eta bere salbuespen legedia Europako bazter guztietara zabaltzeko egiten dituen saiakerak salatu zituen.
Alistair Lyons euskal errefuxiatuen kasuetan bere engaiamendu profesionala aipatu eta bere defendatuak kontatu dituzten tortura salaketen aurrean Britainia Handiko epaitegien pasibotasuna azpimarratu zuen.
Ekimen honi amaiera emateko eztabaida egon zen bertan zegoen ikuslegoarekin. Bertan zeuden hainbat abokatu, zuzenbide eta nazioarteko harremanetako ikasleak, naziorik gabeko estatuen ordezkariak eta giza eskubideen ekintzaileak.