SORTUko ordezkari diren Gorka Elejabarrietak eta Iraide Lejarretak, Europako Ezkerraren eta Ipar Herrialdeetako Ezker Berdearen (GUE-NGL) legebiltzar taldeek antolatutako lan jardunaldietan (Study Days) parte hartu dute. Lan jardunaldi hauek Derryn ospatu dira aste honetan.
SORTUko ordezkariak Martina Anderson (Sinn Féin) eta Paul Murphy (Irish Socialist Party) europarlamentarien gonbidapenen baitan egon dira bertan.
Bi euskal ordezkariek GUE-NGL-ko jardunaldiak baliatu dituzte legebiltzar taldeko beste hainbat partaidekin Europaren egoeraren iritziak trukatzeko.
Jardunaldi horien baitan mahai-inguru bat antolatu dute Irlandako bake prozesuak nazioartean izan duen dimentsioari buruz gogoetatzeko. Bere hitzartzean SORTUko nazioarteko harremanetako arduradunak Ostiral Santuko akordioaren garrantzia azpimarratu du, eta "negoziazio eta aldeen arteko akordioen bitartez gatazken konponbidea bilatzen dugunontzat erreferentzia izan dela" gogorarazi du.
Kurdistan, Palestina eta Tamil herriaren ordezkariek hartu dute hitza mahai-inguru horretan. Ondorengo eztabaidan Euskal Herriak pairatzen duen gatazkaren konponbideari begira Europar Batasunak izan dezakeen paperari buruz ideia interesgarriak plazaratu dira.