Gorka Elejabarrieta eta Igor Zulaika, SORTUko kideek Britainia Handiko parlamentuan burutu den Bake prozesua indartzeko Foro sozialaren gomendioen aurkezpen ekitaldian presente egon dira. Ekitaldia atzo burutu zen, Westminsterren.
Aurkezpena "All-Party Parliamentary Group on Conflict Issues" (gatazken inguruko alderdi ezberdinen arteko talde parlamentarioa)k antolatu du eta Lord Alderdice liberal demokratak gidatu zuen. Lord Alderdice, 1998 eta 2004 urteen artean Ipar Irlandako asanbladaren lehendakaria izan zen.
Foro Sozialaren gomendioak aurkezten, Paul Rios, Lokarriko koordinatzailea eta Andy Carl, Conciliation Resourceseko lehendakaria eta Foro sozialean eta gomendioen erredakzioan parte hartu zuen nazioarteko adituetako batek aritu ziren.
Gomendioen aurkezpena eta gero, bertan zeudenak, zeinen artean hainbat parlamentari, unibertsitateko irakasle eta gatazken konponbidean adituak diren erakundetako kideak aurkitzen ziren, eztabaida interesgarri bat eraman zuten aurrera, non gatazkaren konponbidean lagungarri izan daitezkeen hainbat ekarpen interesgarri entzun ahal izan ziren.
SORTUren nazioarteko harremanetarako arduraduna, Gorka Elejabarrietak hitza hartu zuen ideien elkartrukatze horretan berriro ere adierazteko SORTUren ustez gomendio hauek erreferentzia egokia direla gatazkaren konponbidean aurrera egiteko eta SORTUk parte hartuko duela foroak gomendio hauek aurrera eramateko planteatzen dituen ekimen ezberdinetan.
Horretaz gain nazioarteko komunitatearen parte hartze eta konpromisoaren garrantzia azpimarratu zituen, bai gomendioen erredakzioan, baita atzokoa bezalako mintegiak antolatzen tokiko zein nazioarteko instituzio eta antolakunde ezberdinetan gomendioak aurkeztu eta konpartitzeko.