ALBISTEAK

Gorka Elejabarrieta SORTUko ordezkariak joan den larunbatean, ekainak 8, Istanbulen ospaturiko "Munduko bakea eraikitzen esperientziak elkarbanatzen" konferentzian parte hartu zuen.

SORTUren nazioarteko harremanen arduradunak Euskal Herriko gatazka konpontzeko prozesuaren egungo egoera azalduz abiatu zuen bere hitzartzea. Jarraian Bake prozesua indartzeko Foro sozialaren gomendioen inguruan aritu zen; eragile politiko, sozial eta instituzional guztiek gomendio hauei jarrera eraikitzaile batekin erantzun eta gatazkaren konponbide integrala eta euskal herritarron erabakitze eskubidea errespetatuko duen eszenatoki politiko berri bat lortzeko bidean, guztien inplikazioaren beharra nabarmendu zuen.

Gatazkaren ondorioen inguruko gaiak, hala nola, preso politikoen etxeratzea, armagabetzea, biktimak eta abar jorratuko lituzkeen akordio baten beharra ere azpimarratu zuen. Bere hitzartzea, estatu espainolak duen jarrera immobilista salatuz amaitu zuen, Gobernu espainiarrak Euskal Herrian bakearen eraikuntzarantz eman daiteken edozein urrats saboteatzen saiatzen ari dela salatuz..

Konferentzian munduko beste herrialde batzuetako gatazken konponbiderako esperientziak entzun ahal izan ziren. Westminster-en Sinn Fein-eko diputatua den Pat Dohertyk Irlandako prozesuaren nondik norakoak azaldu zituen eta honetan Ostiral Santuko akordioak izandako garrantzia azpimarratu zuen. Egun pailea, Nelson Mandelaren abokatu eta euskal preso politikoen eskubideen aldeko "On the path to peace, respect prisoners' rights" nazioarteko ekimenaren bultzatzaile den Essa Moosak hegoafrikarrak, Nelson Mandelak preso zegoelarik elkarrizketa prozesuaren bultzatzaile bezala izandako papera goraipatu zuen eta Abdullah Ocalanekin alderatu zuen. Tamilen ordezkaria Thiruchchoti Thirukulasingam, tamilen eta Sri Lankako gobernuaren artean izandako bake prozesua porrotera eraman zuten arrazoietaz jardun zuen eta baita porrot honen ondoren Sri Lankak, nazioarteko komunitatearen konplizitatearekin, tamilen aurka eramandako garbiketa etnikoaz. Azkenik, Habanako elkarrizketetan parte hartzen ari diren FARCeko ordezkariak, bideo bitartez helarazi zuten beraien mezua. Bertan konferentzia agurtu eta aztertzen ari ziren konponbide prozesuei zorterik onena desiratu zieten.

Konferentzia Turkiako Human Rights Association elkarteak antolatu zuen eta Taksim Hill hotelean ospatu zen. Ain zuzen ere, Turkiako erregimen politiko instituzionalean aldaketak eskatzeko milaka herritar protestan ari diren Taksim plazan bertan.

Sortuko kidea Istanbulen egon den bi egunetan Taksim plazan eta Gezi parkean protestan ari diren hainbat antolakundeekin biltzeko aukera izan zuen. Turkiako egoera erreala lehen eskutik ezagutzeko aukera izan du, eta baita protestan ari direnen eskaerak. Sortuk bere elkartasuna eta babesa helarazi die.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.