ALBISTEAK

David Cameronen ustez herriei dagokien erabakitzeko eskubidea aitzat hartu behar da. London eta Edinburgoko gobernuek Eskozian erreferenduma egiteko harturiko konpromisoaren harira, argudioak mahaigainean jarri eta azken erabakia herritarren esku uztearen alde azaldu da Cameron.

Agintari britainiarraren hitzek autodeterminazio eskubidearen inguruko eztabaida Europako Batasunaren baitan kokatzen dute. Are gehiago, Eskozian bezala, Europako beste herrialdeetan erantzun demokratikoak bultzatzeko gogoeta piztu beharko lukete.

 Irakasgaiak eman gabe, "Erresuma Batuan horrela egiten ditugu gauzak" azaldu du Cameronek eta, nahitaez, adierazpen horrekin argiki erakusten du bide luzea egiteke dutela, herrien borondateari bizkarra emanez, proposamen zentralista eta uniformatzaile defendatzen dituzten estatuek.

Parisek eta Madrilek eskaintza demokratikorik ez dute. Horregatik konponbide prozesua trabatu eta haien proiektua indarrez inposatzeko jarduerak hobetsi dituzte.

Alta, Cameronen hitzek gero eta zailago jartzen diete PP eta PSOEri "Espainiako Erresumak duen egiteko era" Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpo azaltzea. Konponbide prozesua eta erabakitzeko eskubidea, ordea, guztiz txertaturik dira nazioarteko eremuan.

Parisek eta Madrilek proposatzen duten errezeta zaharkiturik dago. Are, indarra galtzen du gure inguru hurbilean ere. Eskoziarrek eta katalanek bezala euskal herritarrok, mehatxurik gabe, gure etorkizuna erabakiko dugu. Gure eskubidea izateaz gain gure borondatea delako.

Maite Ubiria, SORTUren nazioarteko arduraduna

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.