Sortuk Siriako gobernua eta herritarrak jomugan jarri dituen kanpoko eraso militarra irmoki salatu nahi du.
Sortuk mendebaldeko potentziek azken bi urtetan Siriako gatazkan izan duten esku-hartzea guztiz kaltegarria izan dela agerian utzi nahi du.
Iragan abuztuaren 21ean Damasko inguruetan gertaturiko eraso larriari buruz Nazio Batuetako ikuskatzaileek egin beharreko txostenaren emaitzari itxaron gabe, mendebaldeko gobernuek mehatxu militarra zuzenari atea ireki egin diote.
Aipatu erasoaren gainean informazio fidagarria izan gabe, eta balizko arma kimikoen erabilpenaren ardurak zehazteke direlarik, hainbat gobernuk gerraren makina olioztatu dute.
Arma kimikoen erabilpena baieztatu balitz, gerra krimenaren aurrean aurkituko ginateke. Nazioarteko legediaren arabera, arma mota horren erabilpena debekatuta dagoelako. Izan ere, armamendu hori baliatu dute espainiar armadak Rifen, AEBtakoak Vietnamen eta Irakekoak herritar kurduen kontra.
Eraso militarrik egin gabe, nazioarteko komunitateak baliabideak izan baditu Siriako gerrak planteatzen dituen erronkei aurre egiteko. Bestalde, aitzinean buruturiko erasoek -hala nola Irak, Afganistan edo Libiaren aurka- irakaspen argi bezain larriak utzi dituzte kanpoko esku-hartzek dituzten ondorioei buruz.
Sortuk argiki adierazi nahi du Siriaren aurka planteatzen den interbentzio militarrak Nazio Batuetako Gutunaren zapalketa argia dela. Karta horren arabera, estatu batek pairatzen duen erasoari aurre egiteko edo Segurtasun Kontseiluak emandako babespean soilik erabili daiteke indar militarra. Gaur gaurkoz kasu honetan ez da ez lehenengo baldintza ez da bigarrena betetzen.
Izan ere, nazioarteko eraso militarra ez da arbuiagarria nazioarteko legearen ikuspuntutik soilik. Martxan den egitasmo militarra guztiz onartezina da Siriako herriaren eskubideen zapalketa masiboari bide irekitzen diolako.
Beste behin ere, nazioarteko komunitateak porrot egin du. Konponbidea bilatu beharrean interes geoestrategikoak hobetsi dituelako. Bere jokabide horrekin Siriako herritarren egoera larriago bihurtzeaz gain ezegonkortasuna zabaldu du Ekialde Hurbileko eskualde osoan.
Armak isiltzeko eta horren ordez hitzari oihartzuna emateko garaia da. Sorturen ustez, alde ezberdinen arteko elkarrizketaren eskutik etorri daiteke bake iraunkorra.
Era berean, Sirian piztu den gatazkari konponbide integrala emateko orduan ezinbestean herri kurduaren eskubideak aitzat hartu beharko direla uste dugu.
Sorturen ustez, Siriako gerra elkarrizketaren bitartez bideratu ezkero, horrek konponbidearen aldeko giroa zabalduko luke eskualde osoan, hala nola palestinar herriak pairatzen duen gatazkaren konponbideari begira perspektiba berriak irekiz.
Nazioarteko esku hartze militarrari ezezko borobila adieraztearekin batera, Sortuk bai Euskal Herrian bai nazioarteko eremuan martxan jarriko diren konponbidearen aldeko ekimenak bultzatuko dituela gogotik iragarri nahi du.
Era berean, euskal jendarteari dei egiten diogu Siriako herriari elkartasuna adieraziz eraso inperialista salatzeko antolaturiko ekimenetan parte hartzeko.
SORTU,
2013ko irailak 7