Igor Zulaika, Sorturen Europarako Ordezkariak, “Por la Paz y la Democracia en Colombia” izenburupean Bruselako Casa de America Latinan ospaturiko bilkuran hartu du parte.
Bilkura hau, Europako Kolonbiako Komunistek antolatua izan da. Sortuko ordezkariak bilkuraren konstituzio sesioan parte hartu eta hitza hartzeko aukera izan du. Juan Carlos Villamizar, sesioaren moderatzaileak Herrira-ren kontrako sarekada gogora ekarri eta elkartasuna adierazi die atxilotutakoei, Sortuko ordezkariari hitza eman aurretik.
Zulaikak sarekada hau gogorki salatzeaz gain, Euskal Herrian egondako erantzun zabala ekarri zuen gogora. Euskal preso politikoen eskubideen aldeko aldarriaren kontrako erasoaz gain konponbide prozesuaren aurkako eraso zuzena izan dela salatu zuen.
Erasoen gainetik euskal gizartea bakea eta elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko lanean jarraitzeko borondate irmoa duela berretsi zuen SORTUko ordezkariak.
Kolonbiako egoerari dagokionez, Giovanni Libreros, PCCko antolakuntza idazkariak, Kolonbian bizi den momentu politikoaren inguruko irakurketa egin zuen. Besteren artean nekazari geldialdiaren arrakasta, datozen hauteskundeei begira zabaltzen diren aukera ezberdinak eta Marcha Patriotica eta Herrien kongresuak elkarrekin deituriko Nekazaritza Gailurrak aipatu zituen. Honen ostean, Yezid Arteta, Kolonbiako adituak, Habana-n burutzen ari den negoziazio prozesuaren irakurketa plazaratu zuen.