ALBISTEAK

SORTUk Kolonbian azken egunetan lurren itzultzea aldarrikatzen zuen komunitate buruzagiaren eta bi nekazal buruzagien erailketak salatu nahi ditu. Carlos Eduardo Olmos Cárdenas, lurren berreskuratze mugimenduko buruzagia eta Los Palmitos herriko (Sucre departamenduan) Biktimen Mahaiko partaidea, ezezagunek egindako tiroen ondorioz  hil zen.

Egun horretan bertan, Algeciras herrian (Huila departamenduaren hegoaldean) Miliciades Cano nekazal buruzagia eta bere emaztea Nancy Vargas emakume mugimenduko eta nekazal mugimenduko buruzagiak erailak izan ziren Algeciraseko Movimiento Político y Social Marcha Patriótica bilkura batetik etxera bueltatzen  zirenean.  Biak, Union Patrioticaren kide izandakoak ziren.

Kolonbiako gobernuak eta FARC gerrillak gatazka armatua gainditzeko akordioak lortzen saiatzen ari diren bitartean, talde paramilitarrek erabateko inpunitatearekin dihardute. Paramilitarrak komunitate eta nekazal buruzagiak erailtzen, bahiketak egiten, mehatxatzen eta populazioaren lekualdatzeak probokatzen jarraitzen dute. Horrekin Juan Manuel Santos lehendakariak 2011ean bultzatutako Biktimen eta lurren berreskuratze legearen aplikazioa eragozten saiatzen ari dira.

Sortuk, Kolonbiako gobernuari eskatzen dio erailketa berri hauek bururaino iker ditzala, paramilitarren ekintzak jazarri ditzala eta Biktimen eta lurren berreskuratze legearekin aurrera jarraitu dezala.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.