Datorren Azaroaren 23an Glasgown burutuko den Independentzia Erradikalaren 2013ko Konferentzian, RIC, parte hartuko du Sortuk. Aurreko urtean konferentziaren lehenengo bilkuran parte hartu zuen Ezker Abertzaleak.
Lehenik eta behin Eskoziaren egungo egoeraz eta hurrengo urtean ospatuko den erreferendumaz hitz egin nahiko nuke ideia bat argi uzteko: Eskoziako herritarrek modu ordenatu eta adostuan euren etorkizuna erabakiko dute inolako arazorik gabe, Eskoziako eta Erresuma Batuko Gobernuek onartzen duten mekanismo baten arabera.
Erreferenduma egiteko mekanismoa Eskoziako lehendakari Alex Salmond eta Erresuma Batuko David Cameron-en arteko Edinburgoko Akordioan oinarritzen da. (Agreement between the United Kingdom Government and the Scottish Government on a referendum on independence for Scotland)
2012ko Urriaren 15ean sinatu zuten, eta akordioaren helburua, erreferendumaren legezkotasuna ziurtatzea izan zen. Horretarako EBko gobernuak galdera bakarra izango zuen galdera loteslea egiteko eskumena Eskoziako parlamentuari emango zion legea onartzearen konpromisoa hartzen zuen. Eskoziako Parlamentuak hori aho batez egin du azken egunotan eta gainera 16 urtetik gorakoei eman zien bozkatzeko eskubidea uztailean.
Prozesuaren zilegitasun eta legezkotasuna alde batera utzita, inkestek, momentuz, ezezkoak irabaziko duela diote, baina oraindik denbora luzea geratzen da. Baiezko kanpainak babesleak irabazten dituen bitartean, ezezkoaren aldeko kanpainak babesa galdu du modu publikoan, hainbat Laborista historikok baiezkoaren aldeko babesa adierazi dute, hainbat idazle eta bestelako pertsona ezagunek ere.
Bitartean, ezezkoaren aldeko kanpaina beldurrean oinarritzen da. Erresuma Batuaren batasunaren aldeko mezuak eman beharrean independentziaren arriskuaz baino ez du hitz egiten. Diotenez Better-Together.en baitan Project Fear (izuaren-proiektua) deitzen diote euren kanpainari.
Baiezko kanpainak, aldiz, ekarpenak egiten ditu, azkenengo boladan sona handia duen Reid Foundation.en "The Common Weal" dokumentua adibidez. Dokumentuak Eskozia berrian sistema ekonomiko berria egikaritzeko aukeraz hitz egiten du. Unibertsitate eta herrietan aurkeztu eta etorkizun ezberdin baten aukerak zabaltzen ditu. Ohar gisa Reid Foundation.eko zuzendari Robin MacAlpine.k sinatzen du Independentistak Sareak duela gutxi argitaratutako Eskoziaren inguruko liburua.
Egoera ekonomikoak, zerbitzu sozialen eta doako unibertsitatearen aldeko politikak, besteak beste, eta Erresuma Batuan ematen den inboluzio ideologikoak eta euro-eszeptizismoaren garatzeak (UKIP.ren gorakada horren isla) baiezkoaren aldeko argudio indartsuak dira.
SNPk OTAN.en kontra izandako jarrera historikoa aldatu badu ere, arma nuklearren kontrako jarrera mantentzen du eta independentzia lortzekotan Eskozia arma-nuklearrik gabeko estatu deklaratuko duela hitz eman du. Honen ondorioz Erresuma Batuaren urpekari nuklearrek euren base bakarra galduko lukete.
Prozesu guzti honen baitan ezker erradikalak RIC.en bat egin du, urteetako banaketa eta enfrentamendu dinamikari bukaera eman eta elkarrekin Independentziak zabalduko lituzkeen aukerotaz eztabaidatzen hasi dira. Independentzia, sistema ber-pentsatu eta aldatzeko aukera gisa aurkeztu eta eztabaida politikotik kanpo geratzen diren herritar eta langileak erakartzen dituzte.
Aurreko urtean, Ezker Abertzaleak EH-Bilduren alternatiba sozioekonomikoa aurkezteko aukera izan zuen, aurten Europa, elkartasuna eta austeridadeaz aritzea egokituko zaigu. Gurekin batera Syriza eta Herrialdeko Katalaneko "Independència per Canviar-ho tot" arituko dira. Beste bederatzi mintegi eta osoko hitzaldik osatuko dute konferentzia, Eskozia berria ikuspegi erradikal batetik bultzatzeko asmoz.
Euskal Herrian ere izango badugu gure bideari ekiteko tenorea, euskal bidean urratsak emateko garaia.
Igor Zulaika, Sorturen Europarako ordezkaria