Gaur Eskoziako Gobernuak independentziarako "Liburu zuria" argitaratu du. 600 orritik gorako ibilbide-orria osatu du Gobernuak, Irailaren 18an Eskoziak Independentziaren aldeko bozka emango balu, gobernuak estatu independentea osatzeko hartuko lukeen ibilbidea zehaztuz.
Dokumentu osoa http://scotreferendum.com/ web orrian dago eskuragarri.
Dokumentuaren harira asteburuan RIC-en Dennis Canavan-i entzundakoak ekarri nahi nituzke gogora: "Ez naiz Eskoziako Gobernuaren bozeramailea. Ez naiz SNPeko kidea. Baina nire ustez Independentziaren alde dauden lagun guztiek ongi etorria eman beharko liokete Liburu Zuriaren argitalpenari. Egun independentziarako mahaigainean daukagun bide-orri errealista bakarra delako. Baliteke plan horren detaile guztiekin ados ez egotea. Baliteke ados ez egotea Eskoziako Gobernuarekin Estatuaren burua nor izan behar duenarekin, Libera gure moneta izan behar duenarekin, edo NATOko kide izan behar dugunarekin, baina ez gaitezen galdu. Mantendu bista jo-puntuan. Saria irabazten zentratu gaitezen."
RIC - Egun luze eta betearen oso kronika laburra
Esan bezala, asteburu honetan Sortu.k Radical Independence Conference.n parte hartzeko aukera izan du. 1000 lagunetik gora elkartu ditu Independentzia Erradikalaren aldeko bilerak, 3 plenario eta 10 lantalde burutu dira, ezker erradikalaren diskurtsoa eta praktikaz eztabaidatzeko, Eskoziak duen erronkaren aurrean Independentzia ikuspegi erradikaletik hausnartzeko.
3 plenarioek Erresuma Batuaren porrota, Eskozia erradikal batek ekarriko lukeen itxaropena eta 2014ean irabazteak ekarriko luken transformazioa aztertu zituzten.
Plenario bakoitzeko idei bat azpimarratu nahiko nuke:
Lehenengoan, Erresuma Batuaren porrota irudikatzeko 16 urteko Saffron Dickson.ek argi eta garbi galdetu zien bertaratutakoei, "Noiz inspiratu zintuen Erresuma Batuak azkenekoz? Inoiz inspiratu zaituzte?" Eta inspiratzeko gaitasun ezarekin lotu zuen Erresuma Batuaren porrota, "Erresuma Batuak bere lana egiten egongo balitz, ez genuke konferentzia hau burutuko."
Bigarrenean David Hayman aktoreak RICeko deklarazio osoa (http://radicalindependence.org/index.php/2013/11/24/declaration-of-radical-independence-full-text/) irakurri zuen Independentziak dakarren itxaropena isladatzeko eta horrela bukatu: "Elkarrekin buruak altxatu ditzakegu eta ailegatzeke dagoen baina dagoeneko ikusgai dugun Eskoziaren alde lan egin dezakegu. Common Weal.aren (ikusi http://scottishcommonweal.org) Eskozia bat, konpartituriko aberastasun eta konpartituriko ongi izatearena. Gure Eskozia, gu guztiok lehentasun izango gaituena."
Azken plenarioan Robin McAlpine-k hartu zuen hitza, Eskozia aldatzeko dituzten erronken harira Robin-ek oso argi esan zien bertan bildutakoei "haiek egin ezean KPMG nazioarteko konpainiak definituko zuela Eskoziar Estatu berriaren zerga politika. Bertan zeudenek egin ezean beste norbaitek eraikiko zuela Eskoziako estatua berria." Eta gainera "lan egin ezean, ateak jotzen ez baditugu, antolatzen ez bagara, ez dugu hau irabaziko ."
Hurrengo egunetan RIC.en egondako interbentzioak bideoan ikusteko aukera izango dugu (Sortu.k Europaz egindakoa barne seguruenik) baina oso modu errazean laburbildu nezake bertan entzundakoa: Herri bat martxan da euren etorkizuna eskuetan hartu eta Eskozia bidezkoago bat eraikitzeko konbentzimendu osoz.
RIC eta liburu zuria prozesu berdinaren bi aurpegi dira, Guy Standing-ek Irakasleak goizeko mintegi baten "Eskozia politika progresisten itsasargi bilakatu daiteke" esan zuen, guretzat egun RIC, Yes Campaign eta Eskoziako gobernuak egiten duten lana erreferentzia izan behar dira.
Igor Zulaika, Sorturen Europarako ordezkaria