ALBISTEAK

SORTUk saminez jaso du Nelson Mandela apartheidaren aurkako borrokalari kementsu eta Hego Afrikako herritarrek demokratikoki hautaturiko lehen presidentearen heriotzaren berri. Bere herriaren maitasuna eta munduaren begirunea lortu zuen buruzagi handiak hutsune handia uzten du bere herrialdean eta Afrika osoan.

Horregatik, gure dolumin sentikorrenak adierazi nahi dizkiogu Hego Afrikako herri eta agintariei, eta bereziki ANC alderdiari eta apartheidaren aurkako mugimenduari.

 Era berean, bere bizitza osoan zehar, eta unean uneko borroka molde ezberdinak baliatuz, Mandelak bere herriaren askatasunaren alde garaturiko borroka nekaezina txalotu nahi dugu. Jendarte libre eta demokratiko baten alde, apartheidaren aurkako mugimenduaren eskutik harturiko hautua bururaino eraman zuen 1962 eta 1990 bitartean preso izan zen Mandelak. Espetxetik irten ostean, herritar guztiek eskubide berdinak izango dituzten nazio berri baten eraikuntza izan da Mandela ordezkatzen zuen mugimenduaren xede nagusia.

Mandela hil da baina berak irudikatzen duen justizia soziala eta aukera berdintasunaren aldeko borroka ez da amaitu.

Sortuk ere nabarmendu nahi du Bake Nobel Saria eskuratu zuen buruzagi politikoaren izena daraman fundazioak buruturiko ekarpena. Munduan zehar konponbide prozesuak sustatzen lagundu du azken urtetan. Afrikan bertan eta baita kontinente horretatik kanpo ere hegoafrikar ereduak eragina handia utzi du. Esaterako Irlandan. Baina baita Euskal Herrian ere, Bruselako Deklarazioaren bultzatzaileetako bat izan zelako Mandela Fundazioa.

Apartheiden aurkako borrokak eta sistema bihozgabe horri amaiera emateko bidean Hegoafrikak garatu duen konponbide demokratikoak bere itzala utzi du mundu osoan eta bait Euskal Herrian ere. Hori dela eta, bake integrala eta iraunkorra lortzeko borrokatzen duten herri guztietan bezala Mandelaren heriotzak umezurtz uzten gaitu euskal herritarrak.

Agur eta ohore Madiba.

Sortu,
2013ko abenduak 6

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.