Aparthaiden aurkako borrokalaria izan zen Nelson Mandelaren aldeko omenaldia egiten ari dira gaur, abenduak 10ean, Johannesburgon.
Milaka herritarren eta munduko agintarien presentzian, Hegoafrikako presidente ohiaren aldeko ekitaldia ospatzeko Sowetoko FNB estadioa aukeratu da. Kirol areto horretan hitzaldi historikoa egin zuen Mandelak, 27 urte espetxean egon ondoren askatasuna berreskuratu berri zuelarik.
Justizia eta askatasunaren alde Mandelak bizitza osoan zehar agertu zuen konpromiso tinkoa omendu nahirik, ANCko buruzagia zenaren alde antolatu omenaldira joan da SORTUren ordezkaria den Urko Aiartza.
ANCrekin aspaldiko harremana du ezker abertzaleak eta Mandela fundazioak balio handiko sostengua agertu zion hastapenetik Euskal Herrian konponbide prozesu demokratikoa sustatzeko prozesuari. Gogora dezagun Mandela Fundazioak Bruselako Adierazpena babestu zuela 2010ean.
Aiartzaren hitzetan "Nelson Mandela iraultzaile guztientzako exenplua da eta bere legatuak mundu justuago baten aldeko borrokan ari diren herri eta pertsona guztientzako inspirazio iturri behar luke izan".
"ANC mugimenduak eta Nelson Mandela berak Euskal Herrian bake iraunkorra lortzeko ahaleginak betidanik sostengatu dituzte eta gaur, Madibaren aldeko omenaldian izanik gure herriaren esker ona agertu nahi diogu", azaldu du Aiartzak.