ALBISTEAK

Mandelaren agurreko ekitaldiek aurrera darraite. Milaka eta milaka lagun gara aniztasuna irudikatzen duten agur ekimen hauetan parte hartzen ari garenak. Egun hauetan zerbait esanguratsua eta biziki berezirik bada, herritarrek Madibarekiko agertzen duten etengabeko eskertzea da. Kaleetako txoko desberdinetan, dendetan, bulegoetan, eta noski, apartheidaren ikur zen Union Building delakoan Madibaren presentzia eta eskertze mezuak zenbatezinak dira. Milaka herritar dira, Hegoafrikako txoko desberdinetatik gerturatuak, hilotzaren aurretik igaro eta azken agurra ematen ari direnak.

Aurreko egunetan, Sowetoko futbolzelaian nahiz Luthuli House-en izan baginen, atzo Madibaren etxean, Houghtonen, egoteko aukera izan genuen bere senideekin. Bertan, egunero, bere etxean burutzen den ekitaldi erlijiosoan parte hartu genuen; bost eliza desberdinetako kideen nahiz etxe inguruan bildutako ehunka lagunen presentziarekin. Kantuz beteriko agurra hau ere.

Aurretik, goizez, NEHAWU sindikatuko lagunekin bildu ginen. Atzokoan, dolumin eskaintza aldebikoa izan zen; izan ere, sindikatuko kideek Euskal Herrira euren samina helarazi nahi izan zuten, LAB sindikatuko nazioarteko arloko arduradun Igor Urrutikoetxearen heriotza dela eta.

ANCren egoitzan Obed Bapela Lehendakaritzako Ministro ordearekin nahiz Jackson Mthembu bozeramaile nazionalarekin egoteko aukera ere izan genuen.

Bihar larunbata, berriz, azken agurra egiteko aukera izango dugu. Waterkloofeko base militarrean bere arbasoen lurretan ehortzia izateko ekingo dion bidaiaren aurretik. Qunurako bideari ekin aurretik gure azken agurra eta omena adieraziko diogu.

Betirarte Madiba!

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.