ALBISTEAK

Atzo Waterkloofen ANCren azken agurrean parte hartu ondoren, beharrezko agiriak jaso eta O.R.Tambo aireportura abiatu ginen. Johanesburghoko aireportuak apartheiden borrokaren beste buruzagi esanguratsuaren izena du. Mandela herritar orok maite badu, Tambo ANCko militante guztien bihotzetan dago. Berak zuzendu zuen ANCren borroka Mandela espetxean zegoen bitartean. Berak gidaturiko lehoi gazteek egin zioten aurre apartheidari. Kanpo aferetako oroigarriak dion bezala "O.R.Tambo abertzaletasuna, osotasuna, umiltasuna, pasioa".

Arratsaldeko seietarako Eastern Cape probintziako East London hiriburura heldu gara. D.Woods Daily Dispatcheko zuzendaria eta egunkaria bera bertakoak ziren. Steve Bikoren heriotza jakinaraziko zuen kazeta zuzendaria hain zuzen.

Ordu batzuk deskantsatu ondoren protokoloko autobusetara igo gara goizeko 1ean. Bide luzea dugu Qunura. Leku desberdinetako kideak goaz bertan. Lo pixkat egiteko aukera ahal bada.

Goizeko 5ak aldera iritsi gara, egunsentiarekin batera. Eskuinetara Mandelak hemen zuen etxaldea utzi eta ekitaldi erlijiosoa burutzeko eraiki den karpa handi baten ondoan jaitsi gara autobusetik. Mandelak hemen igaro ditu azken urteetan egun asko eta asko, bere haurtzaroko lurraldeetan. Larre zabalak, etxaldeak eta ganadu mordoa. Ederra. Goizeko 8tarako karpa bete da eta Mandelaren gorpua heldu bitartean dantza eta kantu egiten hasi da jendetza. Kgalema Motlante Lehendakari ordea agurtu dugu bai eta Leneth Kaunda, urtetan Zambiako lehendakari izanikoa. Mandelaren adina edo zaharragoa da Keunda eta Afrikan eman diren borroka antikolonial guztien babesle izan da.

Heldu da gorpua eta hasi da ekitaldia, Ciryl Ramaphosak zuzenduta. Madibaren familiaren izenean Mandelaren leinuko Chief N. Matanzimak hartu du hitza. Ondoren ekitaldiko unerik hunkigarriena etorri da Mandelaren burkide eta kartzela kidea Ahmed Karhradak mintzatu denean. Ahotsari ezin eutsi egon den Karhradk anai zaharra galdu duela azaldu du. Orain urte batzuk beretzako aita bat zen Walter Sisulu burkidea galdu zuen, orain anaia.

Atzerriko mandatariak ere mintzatu dira, Afrikar Batasuna eta Afrikar Hegoaldeko Herrien erakundekoa. Tanzaniako lehendakariak erbeste garaiak ekarri ditu gogora eta Keneth Kaundak Boerrekin izaniko borroka etengabea. Azkenik gorpua ehortzera eraman aurretik Jacob Zumak hartu du hitza. Mandelak borrokatu zuen gizartearen alde lanean jarraitzeko konpromisoa azaldu du. Mandelaren bidaia gaur amaitzen bada ere, gureak jarraitzen duela azaldu du. Azken errezoen ondoren gorpua ehortzera abiatu gara, kanoi salba eta zerua zeharkatu duten hegazkin laguntzarekin Eliza ordezkariek eta tribu ordezkariek zuzenduriko ekitaldi motz baten bidez Madiba lurperatua izan da.

Hemen amaitu da askatasunerako bide luzea, Mandelarentzat bederen.

Une honetan familia izan nahi dugu gogoan bai eta ANC bera. Luzea izan da bizitako astea eta deskantsua merezi dute.

Sorturentzat ohore bat izan da aste osoan zehar antolaturiko ekitaldietan izatea; Sowetoko estadiokoan, Madibaren familiaren etxeko agurra. Union Buildingsera bisita, atzo Waterkloof-en ANC eskainitako azken agurra eta gaur Qunun ospatu diren ekitaldi erlijiosoa zein ehortzea.

Autobusa hartu eta ba goaz berriro, askatasunerako bide luzean barrena. Hurrengo helmuga Euskal Herria

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.