Arratsalde on guztioi. SORTUren errespetua, elkartasuna eta berotasuna dakart Igorrentzat, familiarentzat eta jakina gure sindikatuarentzat.
Nahiz eta biok Ezker Abertzaleko zuzendaritza lanetan ibili garen, aitortu behar dut ez zaigula askotan elkarrekin aritzea suertatu Igor eta bioi:
- Bera LABen aritzen zen eta ni Sortun
- Bera bizkaitarra eta ni nafarra
- Bera nazioarteko lanean eta nik debekatuta daukat Estatutik ateratzea orain zortzi urtez geroztik.
Baina pare bat aldiz ibili behar izan genuen elkarrekin Ezker Abertzalearen estrategia berriaren garapen eta zabaltze lanetan, gogoratzen dut Barcelonara joan ginela ere Gernikako Akordioa bertako Parlamentuan aurkeztera.
Nik ezagutu nuen Igor, Ezker Abertzalearen militante klasikoa zen eta horrelaxe berretsi didate bere hurbildik ezagutzeko aukera izan zutenek. Eta klasikoa diot horrek duen esanahi positibo guztiarekin; ibilbide bital osoa militantzian eta konpromisoan, bai gazte eta ikasle garaian zein hemen bertan Lezamako kontuetan beti Euskal Herria helburu eta beti klase atxikimendutik.
Eta hori da Ezker Abertzaleko militante klasikoa bat izatea; ez gehiago ez gutxiago, baina beti herri berri bat eraikitzeko perspektiban, herri librea eta justizia soziala nagusi duena.
Egun hauetan galdetu dudanean "kontatuidazu zerbait Igorri buruz", atentzioa deitu didaten bi gauza kontatu didate:
Bata, Igorrek zuen arduran eta egiten zuen lanean sinesten zuela bete-betean, 24 orduz, barruraino zeukala barneratuta.
Eta bestea, horrela esan didate, begira nolakoa zen Igor oporrak ere ematen zituela zeozer ikasteko zeukan tokietan, Palestinan, Kurdistanen; Igorrek ez zekien zer zen "todo incluido" oporleku horietako bat, beti saltsa behar zuen.
Eta uste dut bi gauza horiek, xinple-xinplean asko esaten dutela Igorri buruz eta bera nolakoa zen ongi ulertzeko.
Aprobetxatu nahi dut gogoratzeko nazioarteko lanetan dauzkagun kideen lana eta horren balioa azpimarratzeko. Igor eta bera bezalako beste asko dauzkagu munduan zehar lanean Ezker Abertzaleko enbaxadore eta lan itzela egiten dute herri honen askatasuna eta bake nahiarentzako sostengua bilatzen eta lotzen; beti baldintza exkaxetan eta beti etxetik kanpo.
Igor horietako bat zen eta inoiz ez diegu beraiei eta beren familiei behar beste eskertuko herri honen alde egindako lana. Uste dut hau ere esan beharra dagoela.
Che Guevarak famatu egin zuen konsigna bat: "Bat, bi, hiru... mila Vietman sortu dezagun". Konsigna hori geure egin genuen euskal internazionalistok; hemendik Euskal Herritik gogor aritu gara herri libre eta sozialista lortzeko lanean, neoliberalismoaren aurrean Vietnam txiki baina indartsua eraikitzen; eta zeregin horretan funtsezkoak izan dira Igor bezalako "bat, bi, hiru, milaka militanteak" herri honi duintasuna eman eta etorkizun librea inongo zalantzarik gabe irekiko diotenak.
Horregatik modu xume honetan bada ere, gure eskerrona Igorri bere ibilbide eta eredu militanteagatik; beti zorretan egonen gara berarekin eta bat, bi, hiru... milaka militante horiekin guztiekin.
Gora Euskal Herria askatuta!
Gora Igor!