Joan den urtarrilaren 15ean Irlandar Errepublikako Tanaiste (presidente ordea) eta atzerri ministroa den TD Eamon Gilmorek, Sinn Fein-eko diputatu eta Dail-an talde honetako kanpo aferetarako bozeramaile den TD Sean Crowek, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak egindako adierazpenaren inguruan egindako galdera parlamentarioari erantzun zion.
Galdera parlamentarioari emandako erantzunean, ministroak adierazpenaren ezagutza aitortu eta Gobernuak berau kontutan hartzen duela esan zuen. Era berean, Euskal Herrian bake iraunkorra bermatzeko helburua duten esfortzu guztiei ongietorria emateaz gain, auspotu egin nahi ditu.
Joan zen urrian, prozesu judizial desberdinetan inputaturik dauden hainbat militante politikok osaturiko ordezkaritza, Dublineko parlamentuko Kanpo Aferetarako Komisioan izan zen eta ofizialki Kanpo Aferetarako Batzordearen sesioan parte hartzeko aukera izan zuen.
Orduan ere, indar politiko irlandarrek Euskal Herriko prozesuak aurrera egin dezan egindako ahaleginen inguruko ezagutza, ulermena eta babesa nabaritu genituen. Era berean, bake justu eta iraunkor bat lortzeko saiakeren aurrean ematen ari ziren neurri errepresibo eta epaiketa politikoen aurrean beraien sinesgaiztasunaren testigu izan ginen
Fina Gael / Labour koalizio gobernuaren babes publikoak zein Fianna Fail-ek eta Sinn Féin-ek (azken honek aurrera eramandako ekimen desberdinen bidez) osaturiko oposizioak erakutsitako babes jarrera, Euskal Herrian irekitzen saiatzen ari garen eszenatoki berriarekiko nazioarteko komunitatearen babes adierazpen bat gehiago da.
Irlandar Gobernutik zein irlandar eragile ezberdinetatik, gizarte zibila barne, bake prozesuarekiko jasotako eta bi herri hauen laguntasun historikoaren adierazle diren babes keinuak, bene-benetan eskertzen ditugu.
Ziur gaude, euskal gizartearen gehiengoaren borondateak eta Nazioarteko komunitatearen babesak, bakearen etsaiak jartzen ari diren oztopoak gaindituz, prozesuak aurrera egin dezan lagunduko dutela. Daileko nahiz Irlandar Gobernuko kideei gonbitea egiten diegu euskal prozesuari babesa ematen jarraitzeko; ziur baikaude bake juxtu eta iraunkor batek Euskal Herriari onura ekartzeaz gain, Europarentzat ere, bere osotasunean, onuragarria dela.