ALBISTEAK

Sortutik gure zorionik beroenak luzatu nahi dizkiogu, Askapenerako Fronte Mairu Islamikoa (MILF), Filipinar gobernua eta nazioarteko gobernu erraztatzaileei, (Norvegia, Malaysia edo AEB, besteak beste), Malaysiako hiriburu den Kuala Lumpurren erdietsitako akordio historikoa dela eta, zeinaren bidez herri Bangsamoroko MILF eta filipinar gobernuaren arteko gatazka luze eta odoltsuari amaiera ematen zaion.

Malasian bake akordio bat lortzeko aurrera eraman diren elkarrizketak joan den larunbatean amaitu ziren adostasuna lortuz. Orain lortutakoa, azken urteetan lortutako beste akordio batzuen osagarria da.

Akordio hauen bitartez zonaldean bake justu eta iraunkor baterako oinarriak ezartzen dira. Era berean, MILFek autogobernurako bere eskaera aseta ikusi du, Bangsamoroko lurraldearen autogobernua eta era berean DDR prozesu baterako oinarriak ezarri dira, armategia erabileraz kanpo jartzeko prozesu bati hasiera emanez. Prozesu hau Nazioarteko ikuskaritza talde batek ikuskatuko du eta prozesuak Bangsamoro lurraldeko segurtasun indarretan integrazioa izango du ere kontuan.

Akordioa orain 13 urte bake justu eta iraunkor bat erdiesteko hasitako elkarrizketa eta negoziaketa prozesu luzean aurrerapauso sakona da. hurrengo hilabeteetan Filipinetako hiriburuan bake akordio definitiboa sinatuko dute bi aldeek.

Moro herriak aurrerapauso handia eman du bakea eta justizia lortzeko bidean. Ziur gaude gaurko akordioa akuilu izango dela filipinar lurraldean ematen ari diren beste prozesuentzako, hala nola Filipinar gobernua eta Fronte Demokratiko Nazionalaren artekoa.

Euskal Herritik, Moro herriarekin bat eginez, bakerako bidean emaniko pausua ospatzen dugu. Akordioak, hitza eta elkarrizketa bake eta justizian oinarrituriko eszenatokiak lortzeko lortzeko bide baliagarrienak direla agerian uzten du. Berriro ere agerian uzten digu, prozesuan murgildutako aldeen irmotasunak eta nazioarteko ekarpenak, bakearen aurka, eta zapalketa eta biolentzia mantentzearen alde, diren indarrak garaitu ditzaketela

Sortutik, Askapenerako Fronte Mairu Islamikoa eta Filipinetako gobernua adostutakoa bururaino eraman ditzaten animatu nahi ditugu.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.