Warning: rename(/var/www/vhosts/sortu.eus/zaharra.sortu.eus/cache/rokbooster/6fe6b9f1c455f53d6e645678091519d3.php_working,/var/www/vhosts/sortu.eus/zaharra.sortu.eus/cache/rokbooster/6fe6b9f1c455f53d6e645678091519d3.php): No such file or directory in /var/www/vhosts/sortu.eus/zaharra.sortu.eus/plugins/system/rokbooster/lib/RokBooster/Compressor/AbstractOutputContainer.php on line 209
Sortu - FMLN: Bigarren itzulian ere irabaziko dugu, herriaren babesa dugulako!
ALBISTEAK

Salvadorren egin berri diren hauteskundeetan izan da Asier Altuna, Sorturen Amerikarako arduraduna. Bertako testuinguruaz eta FMLNk lorturiko emaitzez idatzi du artikulu honetan:

Salvadorren, urteetan ez bezala, aurten hauteskunde presidentzialak otsailean burutu dira. Historikoki beti martxoan izan diren arren, inkesta guztiek bigarren itzulia izango zela aurreikusten zutenez lehen itzulia otsailera aurreratu zen. Ez zebiltzan oker. Eta hori horrela, Salvadorreko presidentea nor izango den martxoaren 9an jakingo dugu.

Hauteskunde hauek azken urteetakoak ez bezala, oso mediatikoak izan direla dio jendeak; kanpaina kalean baino telebista aurrean eman dela eta horregatik agian azken hamarkadetako hauteskunde lasaienak izan direla. Beharbada arrazoi horiek tarteko alderdiek ez dute herritarrak behar adina aktibatzea lortu eta aurreko emaitzekin alderatuz parte hartzea baxuago izan da. 2009an %64ko parte hartzea eman bazen oraingoan %53koa izan da.

Hauteskunde hauek garrantzi berezia dute FMLNrentzat, urte luzeen ostean gobernura iritsi zen 2009an eta aldaketak gauzatzen jarraitu ahal izateko beste 5 urtez gobernuan egotea ezinbestekoa da. Horretarako bigarren itzulian akordioetara iristera beharrezkoa izango du Frenteak Unidad alderdiarekin.

Arena, ultraeskuineko alderdi historikoa, Norman Quijanoren eskutik aurkeztu da. Quijano, azken udal hauteskundeetan San Salvadorreko alkatetza irabazi zuen hautagai sendo eta mediatikoaren eskutik alegia. Arenak irabazteko aukerarik ez zuenez, Frenteak lehen itzulian irabazi ez zezan oztopoak ipintzean oinarritu du bere estrategia. Horretarako, beldurraren mamua estrategiaren muintzat kokatuz.

Eskuineko beste hautagaia Elian Antonio Saca da. Saca Salvadorreko presidentea izan zen 2004-2009 urte bitartean, Arena alderdiaren hautagai gisa, alderditik bota zuten arte. Saca, Unidad izeneko eskuineko alderdien koalizioarekin aurkeztu da eta bozen %11,44 babesa jaso du. Bigarren itzulira begira, Saca eta Unidad ezinbesteko aliatuak bilakatuko dira Arenarentzat. Dagoeneko negoziatzen ari direla agerikoa da eta martxoak 9 bitarte negoziazio luzeak izango dira.

FMLNren hautagaia Salvador Sanchez Ceren, "Leonel komandantea" gisa ere ezaguna, da. Leonel ibilbide luzeko politikoa da, azken 5 urteetan presidente ordea izan da Funesekin osatu zuten gobernuan. 1991-1992ko bake akordioak sinatu zirenetik, urte luzeetan, oposizioan izan da Frentea. 2009an, Mauricio Funesekin egindako aliantzaren bidez, gobernura iritsi ziren arte.

5 urte beranduago frentearen egoera beste bat da. Hauteskunde hauetan Frentea etxeko hautagaiarekin aurkezten da eta Salvadorreko gizartearen aurrean duten irudia beste bat da. Iraganeko gerrillari haiek gaur egungo agintari ditugu.

Funes eta Frentearen arteko gobernuak zailtasun ugari izan baditu ere (barne zein kanpo) aldaketa ugari gauzatu ditu. Hala ere, Frenteak behar beharrezkoak ditu beste 5 urte, eraldaketa estrukturala izan dadin eta gizartean aldaketaren oinarriak egonkortzeko.

Frenteak egun duen irudi onaren erakusle izan da lehen itzulian jaso duen babesa. Frentearen hautagaiak %48,9aren babesa jaso du eta Arenaren hautagaiari 10 puntuko aldea atera dio. Hala ere bigarren itzuliaren zain egon beharko da Frenteak gobernuari eutsiko dion ikusteko.

Nora doa FMLN? Frenteak oso argi du bere norabidea. Erakunde demokratiko, iraultzaile eta sozialista gisa definitzen den mugimendu honek, gizartea eraldatu nahi du. Herriarekin eta herriarentzat, Salvadorreko gizartea aldatu dela onartuz eta errealitate berrira egokituz.

80 hamarkadan armekin lortu ezin izan zutena bide politiko, sozial zein instituzionaletik garatzen ari dira. Eraldaketarako zailtasun handiak tarteko pauso txikiak emanez.

92ko bake akordioen ostean frentea inoiz baino indartsuago aurkitzen da, bai maila politikoan bai bere herriaren begietara. Aurrera begira erronka argia da, eraldaketa errealak gauzatu babes soziala handiagoa sortuz.

Asier Altuna,
Sorturen Amerikarako arduraduna

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.