ALBISTEAK

Sardinian izandako azken hauteskundeak Independentismoa goraka doan hautua dela baieztatzen dute. Bozka independentistaren igoerak eta hauteskunde hauetako abstentzio altuak, nabarmen uzten dute herritarrak metropoli italiarretik aplikatzen diren politikekin nazkatuta daudela.

Aipagarria da Michela Murgia idazleak eta berak ordezkatutako hautagaitzak, Sardiniaren independentziaren aldeko indarren koalizioak, 70.000 bozka baino gehiago eta bozken %10 a lortu zituela joan zen otsailaren 16an burutu ziren hauteskundeetan. Modu horretan, Sardegna Possibile koalizioa irlako hirugarren indar politikoa bilakatu da.

Lehenengo aldia da independentziaren aldeko hautagaitza batek hauteskundeetan bozken %10 baino gehiago lortzea. Horrez gain, independentziaren aldeko beste alderdi eta zerrendek IRS, Fronte Unitario eta bestek ere, babesa izan dute eta Consiglio Regionalean ordezkatuak izango dira.

Garaipena lortu arren, alderdi politiko italiarren Sardiniako sukurtsalen aurreko aldietan baino emaitza kaskarragoak lortu dituzte.

Italiar gobernuak Sardiniako herritarren arazoak konpontzen ez dituen garai hauetan, etorkizuna libreki erabakitzearen aldeko indarrak euren indarra batzen hasi dira eta modu irekian euren etorkizuna erabakitzeko duten eta hori Italiak errespetatzeko eskubidea modu irekian aldarrikatzen hasi dira.

Emaitza hauek sardiniarren eskubide nazionalen onarpenerako abiapuntua dira. Aurrera begira, Erromak eta irlako italiar eremuko alderdiek ezingo dute errealitate hau gutxietsi.

Aldaketa haizeak eta erabakitzeko eskubidearen eskaera europear kontestuan ere bidea egiten ari dira. Eskozia, Paisos Catalans, Flandria nahiz Euskal Herriak berandu baino lehen bidelagun berri bat izan dezakete: Sardinia.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.