ALBISTEAK

Azken asteetan Ukrainan izan diren gertaera larri eta egondako hildakoen aurrean Sortuk hurrengo hausnarketa laburra plazaratu nahi du:

Victor Janukovichen gobernuaren aurka protesta egiteko hamaika arrazoi egon zitezkeen. Ukrainako sistema politikoaren oinarri diren ustelkeria eta jauntxokeria neoliberala erabat arbuiagarriak eta onartezinak baitira. Nabaria da, independentziatik hona, gobernu hau edo aurretik egon diren beste kolore politikoetako gobernuak herritarren nahi eta beharretatik urrun egon direla.

Hala ere, azken asteetan Kiev hiriburuan eta beste hiri batzuetan bizi izan diren protestek izan duten eskuin muturreko lidergo politiko eta ekinbide paramilitar argia kezkagarri bezain salagarria iruditzen zaigu.

Mobilizazioek hartu duten norabide honek ukrainar gizartean prozesu demokratiko eta eztabaida ireki bat zabaltzeko bidean laguntza baino oztopo bihurtu dira. Otsailaren 22tik aurrera hiriburua kontrolpean duten indarren agenda politikoa oso larria iruditzen zaigu eta enfrentamendu zibila maila askoz masibo batean zabaltzeko arriskua handituko duelakoan gaude.

Sorturen iritziz Ukrainan zein beste edozein herrialdetan, herrien burujabetza eta eztabaida demokratikoak izan behar da egon ahal diren gatazken konponbiderako gakoa. Europar Batasunarekiko edo Errusiar federazioarekiko balizko gerturatze politiko eta ekonomikoaren inguruko erabakia ukrainarrei baino ez dagokie. Injerentzia barik eta inolako presiorik gabe. Ezelango presioa desagertu behar da.

Hori horrela, irmoki salatu behar dugu AEB eta EB jokatzen ari diren papera, Ukraina beraien joko geo-estrategikoen menpe jartzeko asmo argiarekin. Azken urteetan bizi dugun inperialismoaren berrindartze ideologiko eta politiko honek, giza eskubideen instrumentalizazio lotsagabea ekarri dute interes politikoen araberako bonbardaketa mediatikoa erabiliz.

EBren kasuan, interes politikoen araberako giza eskubideen defentsa argi geratzen ari da Ukrainan. Injerentzia politikoaren estrategiak ez dauka inongo arazorik eskuin muturreko talde politikoekin eskutik elkarlanean aritzeko.

Kanpoko indarrei eskatzen diegu injerentzia politikoa behin-betiko amaitzeko. Bere esku-hartzea eztabaida prozesu demokratiko bat laguntzera muga dadila bestelako interes geopolitikoak baztertuz.

Azkenik, une garrantzitsu hauetan, Sortuk dei egiten die Ukrainako eragile politiko guztiei arduraz jokatzera, herrialdea aurrera aterako duen eztabaida demokratiko bat bideratzeko lanean borroka egin dezaten.

Euskal Herria, 2014ko Otsaila.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.