Sortuk, joan den Otsailaren 25ean plazaratu zuen hausnarketa laburrean, une horretan Ukrainan gertatzen ari ziren mugimendu politikoen inguruko bere kezka eta larritasuna adierazi zuen.
Kiev-eko agintari berrien legitimitatea kolokan egoteaz gain, "gobernu" horretan eskuin muturraren parte hartzeari eta bere agenda politiko baztertzaileari gatazkaren sakontze arrisku bat ekar zezakeela iritzi genion.
Zoritxarrez, gure kezkak bete dira eta eztabaida prozesu demokratiko integral bat burura eramateko indarrik ez da aktibatu. Aitzitik, Kiev-etik Ukraina ekialde eta hegoaldeko herritarren gehiengoen nahiei eta errealitateari muzin eginez konfrontazio dinamika eta tentsio politikoa azkartu da.
Aurreikustekoa izan arren, Errusiar federazioaren indar armatuen mobilizazio eta interbentzioa ez da onargarria eta hori ere salatu beharrean gaude. Ikuspegi eta ekinbide militaristek nekez ekarriko dute ezer onik gatazka egoera gainditzeko.
Bestalde, EB eta EEBBen arduragabekeria politikoa salatu behar dugu ere, Kieveko agintari berriek bultzatutako bide politiko arriskutsu hori aldarazteko gai izan ez direlako eta beraien agenda politikoa orohar babestu dutelako.
Sortuk berresten du Ukrainan zein beste edozein herrialdetan, herrien burujabetza eta eztabaida demokratikoak izan behar direla egon daitezkeen gatazken konponbiderako gakoa. Kanpoko esku-hartzerik gabe.
Interes geoestrategikoak ezin dira inondik inora prozesu demokratikoen gainetik egon. Ildo beretik, Krimeako Errepublika Autonomoari bere etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidea aitortu behar zaiola uste du Sortuk. Herrien borondatearen adierazpen demokratikoei ezin zaie mugarik jarri biztanle guztien eskubide zibil eta politikoak errespetatzen diren bitartean.
Krimeako kasuan, Martxoaren 16an egingo den erreferendumak zein beroren emaitzaren ezarpenak herritar guztien eta bereziki Tatar herriaren eskubideak eta parte hartzea ziurtatu behar ditu.
Prozesu erabakitzaile horren lege babesaren inguruko ika-mikaren aurrean gogorarazi behar da herrien arteko harremanak modu horizontalean eta autodeterminazio eskubidearen aplikazio demokratikoaren arabera ulertu behar direla. Inolaz ere ez, unean-uneko interes geopolitiko eta ekonomikoei begira soilik.
Ukraina eta inguruko herrialdeetan piztu den tentsio politikoak ondorio larriak izan ditzake, alde guztiek, barne zein kanpokoek, arduraz ez badute jokatzen. Konfrontazio zibil armatu baten arriskua mahai gainean dago eta alde guztiei berau ekiditeko neurriak har ditzaten eskatu behar zaie, europar guztion etorkizuna kolokan dagoelako.
Otsailaren 25ean zabaldu behin behineko hausnarketan egin legez, Sortuk Ukraina kanpoko indarrei exijitzen diegu injerentzia politikoa behin-betiko amaitzeko. Bere esku-hartzea eztabaida prozesu demokratiko bat laguntzera muga dadila bestelako interes geopolitikoak baztertuz.
Une kritiko hauetan, Sorturen iritziz ukraniar eta Krimeako hiritar zein eragile politiko guztiek arduraz jokatu beharko lukete, dauden eztabaidak koordenada demokratikoetan bideratzeko borroka eginez.
Euskal Herria, 2014ko Martxoaren 13