ALBISTEAK

Martxoaren 21ean, Newroz, urteberri kurduaren jaia ospatzen da. Herri kurduak bere eskubideen alde daraman borrokaren ikurra bilakatu da azken hamarkadetan egun hau.

Sortuk, data esanguratsu honetan, beste behin ere, elkartasunez beteriko agurrik beroena helarazi nahi dio herri kurduari eta askatasunaren alde aurrera daramaten borroka luzeari.

Urte bete pasa da Abdulah Ochalan-ek bake eta demokrazia eszenatoki berri baten itxaropenari ateak zabaldu zizkion adierazpen historikoa egin zuenetik. Buruzagi kurduak bakea lortzeko aurkezturiko bideorriak aldaketa nabarmena suposatu du Kurdistango egoeran.

PKK-k iragarpen horri erantzunez, bere indarrak Turkiako mugetatik kanpo mugiarazi eta bere ekintza armatuak bertan bera utzi zituen.

BDP alderdi kurduaren ordezkari politikoek, gatazkaren muin diren, herri kurduaren aitorpena eta bere eskubideen errespetuaren inguruan eztabaidatzeko elkarrizketa eta negoziazio marko bat eraikitzeko deia egin dute behin eta berriro.

Ochalanen askatasun eskaera inoiz baino indartsuagoa da egun. 1999tik Imraliko irla-espetxean giltzaperatua dute. Horren karira, aste honetan bertan Europako Giza Eskubideen Auzitegiak erresistentziaren buruzagiari emandako "tratu ankerrarengatik" zigortu du Turkiar estatua. Erabaki honek Ochalanen askatasunaren aldeko kanpaina indartzeko balioko duenaren itxaropena dugu.

Turkiar gobernuak orain arte egindako mugimendu guzti hauei muzin egin izana kezkagarria iruditzen zaigu. Eta ekarpen positiborik egin beharrean, duen aurkako jarrera nabarmena da. Horren adibide, duela hilabete batzuk aurkeztu zen erreforma konstituzionala; zeinaren bitartez kurduen oinarrizko eskubide kultural, zibil eta politikoen bortxaketa betikotzen diren.

BDP alderdiko kideak Abdulah Ochalanekin komunikazio nahiko iraunkorra izan duten arren, kurduar mugimenduko ordezkarien aurkako operazio judizialek ez dute etenik izan eta hainbat eledun zein ekintzaile politiko jazarriak eta espetxeratuak izan dira.

Erdogan lehendakariak eta AKP alderdiak, herri kurduaren eskubideak onartu beharko lituzkete behingoz. Hilabete luzeetan, Turkia osoan ematen ari diren mobilizazioek, herritarrek gobernu egituren demokratizazio bat eskatzen dutela erakusten dute. Hala ere, ez dirudi turkiar gobernuak, dituen barne arazo larriekin eta gizarte sinesgarritasun exkaxarekin, Kurdistango gatazka konponduko lukeen prozesu demokratiko batean parte-hartzeko prest dagoenik.

Sortuk, Turkiako gobernuari, Kurdistanen behin betiko bake iraunkor bat lortzeko elkarrizketa eta negoziazio prozesu serio bati ekiteko eskatzen dio.
Kurdistango mendebaldean, Rojavan, bi urteko gerraren ostean, kultur, sinismen eta nazio ezberdinen arteko bakea eta elkarbizitza sustatzeko lan egiten duten instituzio autonomoak sortu dira. Ekialde hurbil guztirako eredu politikoa direnak.

Newroz-eko data esanguratsu honetan, Sortuk, PYD alderdia zoriondu nahi du bakearekiko duen konpromisoagatik, eta bereziki emakume kurduak; askatasunaren eta demokraziaren alde duten jarrera aktiboa dela eta.

Iraniar administraziopean dagoen Kurdistanen berriz, errepresioa handia da eta enfrentamendu armatuak ugariak dira. Iraniar ukazioa amaitu behar da.

Azkenik, Irakeko administraziopean dagoen autonomi kurdua urratsak ematen ari ditu pixkanaka, kurdu guztiak hartuko dituen lan esparru komun baterantz.

Gure ustez, nahiz eta kurduar herriaren egoera korapilatsua izan, azken mugimenduak bai Irak, Iran eta bereziki Siria eta Turkiako mugen baitan, seguruenik herri kurduarentzat onuragarriak izango diren aldaketa politikoak sustatzen dituzte.

Kurduen borroka herritarrak aldaketa politikoen dinamika hau eragin du, eta borrokaren bitartez herri kurduaren eskubide guztien onarpena lortuko da.

Sortuk, aurtengo Newroz-ak gatazkaren konponbide demokratikoa eta Abdulah Ochalan eta milaka preso kurduen askatasuna ahalbideratuko duen indarra mobilizatuko duelakoaren itxaropena dauka.

Euskal Herrian ere martxan diharduen bake prozesua bultzatzeko helburu dugu. Bi prozesuetan aurrerapausoak emateak, Euskal Herria zein Kurdistango askatasunaren bidean lagungarriak izango direlakoan gaude.

Euskal Herria, 2014ko martxoak 19
Sorturen nazioarteko arloa

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.