PP indartua ateratzen da
PP indartua atera da Ekainak 26ko hauteskundeetatik, baina ez dauka gobernagarritasuna bermaturik. Indartze hori Ciudadanosen bizkar egin du batez ere. PSOEk sorpasso-a ekiditzea lortu du eta Unidos Podemosek dezepzio galanta hartu du.
Ustelkeria kasuengatik zipriztinduen egon eta inoiz eman diren murrizketa handienak aplikatu dituen PP alderdiak 137 eserleku lortu ditu Kongresuan, abenduan baino 14 gehiago. Eskuineko alderdia izan da zalantzarik gabe hauteskunde hauetako garaile nagusia, bozken %33,03-a lortuz.
PSOEk bere etengabeko gainbeheran jarraitzen du eta inoizko emaitzarik txarrenak lortu ditu, 5 eserleku galdu eta 85 eserlekurekin geratuz. Sozialistek bozken %22,67-a lortu dute. Emaitza hauek sortzen dien zapore garratza gozatzeko Unidos Podemosekiko lortu duten garaipena aipatzen dute, bozketan eta eserlekuetan iragarritako sorpasso-a ezerezean utziz.
Ez zen sorpasso-rik izan eta Pablo Iglesiasek zuzendutako Unidos Podemos koalizioa, abenduko 71 eserlekuetan geratu zen trabatua, bozken %21,10-a lortuz.
Hauteskunde hauetako kaltetu nagusiena Albert Riverak gidatutako Ciudadanos alderdia izan da, bidean 8 eserleku utzi eta 32 eserlekurekin geratu delarik. Dena den erabakigarria izango da balizko akordioen testuinguru batean.
HEGO EUSKAL HERRIA
Estatu espainiarraren aldaketa desioek hautestontziak betetzen jarraitzen dituzte Euskal Herrian eta eztabaida estataletan irekitako eztabaida polarizatuak jarraitzen dute euskal herritarren bozkaren markoa izaten.
Raxoi botatzearen gogo horrek Unidos Podemosi eman dio garaipena eta abendutik ekaina bitartean Podemos eta IUren konfluentzien babesa gainditzen dute gutxigatik bada ere. Horrela, Ekainaren 26an 428.653 bozka eskuratu dituzte (%28,89) eta 8 eserleku Hego Euskal Herrian (bina herrialdeko).
PNVk bere ehunekoa mantentzera lortu du (%19,29), nahiz eta Unidos Podemosek eserleku bat kentzen dion Bizkaian eta 5 eserlekurekin geratzen diren (bina Bizkaia eta Gipuzkoan eta bakarra Araban).
Espainiako aldaketaren gogo eta antsia honetan kaltetuen atera garenak, beste behin, EH Bildukook izan gara. Bi diputatuak mantendu arren, marko estataleko espazioan tokia bilatu gabe jarraitzen dugu. 184.092 bozekin (%12,41) bosgarren alderdia izan gara, laugarrenagatik 36.000 bozka eta hirugarrenetik 70.000 bozketara.
UPN-PPk 254.274 bozka jaso ditu (%17,14), PSE-PSN-PSOEk aldiz, 221.707 boz eta %14,94. Bi alderdi hauek izan dira abendutik ekainera bozak igo dituztenak, Unidos Podemosekin batera. Ciudadanosek 15.000 boz utzi ditu bidean PPren mesedetan eta %4,1eko portzentajearekin geratu da Hego Euskal Herrian 60.763 bozekin.
Bereziki aztertzekoak dira Nafarroako emaitzak, aldaketarako indarren eta erregimenaren arteko norgehiagokan. Aipatzekoa Geroa Baik izandako beherakada nabarmena eta zalantzarik gabe kontuan izan beharreko aldagai bat da kontu horretan. Abenduarekin alderatuz boz erdiekin geratu dira 15.000 bozetara iritsi gabe eta Ciudadanosek ere gainditu dituelarik.
KATALUNIA
Euskal Herria eta Kataluniak dira Podemosek garaikur bezala aurkeztu ditzakeen lurraldeak, horrek esan nahi duen guztiarekin. Bi nazio hauetan Espainia erreformatzeko nahia nagusitu da, Estatuko bozkatzailearen gehiengoak aldaketa nahi horri muzin egin dionean.
En Comu Podemek, aurreikusi zuten moduan hauteskundeak irabazi dituzte, baina ez espero bezala: hamabi eserleku atera dituzte berriz, baina 80.000 boto inguru galduta.
Kataluniako alderdi independentistek, berriz, hauteskunde zailon ostean, badute arnasa hartzeko arrazoirik, Espainiako Gorteetan eserlekuei eutsi baitiete: ERCk botoetan gorantz jarraitzen du eta CDCn ez da gertatu inkestek aurreikusitako porrota. Indar subiranisten artean hamazazpi eserleku lortu dituzte. Carles Puigdemont Generalitateko presidentea onik atera da.
HAINBAT ONDORIO NAGUSI
- Emaitza txarrak izan dira. Dena den, abenduan ez bezala partida jokatzera atera gara eta herrietan lan handia egin dela ezin dugu ukatu. Gure kidegoaren aktibazioa eta motibazioa abendukoa baina handiagoa izan da, baina horrek ez du isladarik izan bozka emateko garaian.
- Gure gertuko kidegotik harago ez gara iritsi. Gure inguruan ilusio eta motibazio gehiago somatzen zen arren, euskal herritarren gehiengoak Madrilen aldaketa gauzatzeko aukera zeukan buruan. Multzo zabal horrek ez du aintzat hartu EHBilduren bozkaren balioa. Abendutik hona hainbat gauza aldatzen hasiak gara, jendea entzuten aritu gara baina argi dago egindakoa ez dela aski izan eta aurrerantzean ere gauza gehiago aldatzen eta herritarrekin harreman iraunkorrean jarraitu beharko dugula.
- Jokatu beharreko partida zaila zen. Hauteskunde hauetan fokoa Madrilen kokatu da, PP gobernutik kentzeko aukeran. Jende askok klabe horretan bozkatu du, bereziki Katalunia eta Euskal Herrian eta aldaketarako gogo eta nahi hori Podemosek kapitalizatu du.
- Azken garaian behin eta berriz errepikatzen aritu garen ideia berretsi dute emaitzek: estatu espainiarrean ez dago aldaketarako aukerarik, ez dago horretarako indar korrelazio nahikorik. Aldiz, nabarmen geratu da bai Katalunian eta bai Euskal Herrian badagoela aukera eta beraz, aldaketarik egongo bada, bertako prozesu independentistak indartzetik etorriko dela. Oraingoan aldaketarako nahi eta gogoa Podemosek kapitalizatu du Euskal Herrian eta Katalunian baina baldintzak hor daude. Baldintza horiek probestu eta prozesu independentista artikulatzea izango da hurrengo hilabeteetako erronka nagusia. Herri gisa garatu beharreko prozesuaz ari gara, herritarrekin eta bidea egiteko prest dauden eragile sozial eta politikoekin garatu beharrekoa.
- Hiru abantaila estrategiko ditugu. Lehenengoa: estatua ez da demokratizatuko, eta hori dagoeneko ez da hausnarketa huts bat, ez da kabala bat, errealitate kontrastatu bat baizik. Beraz, hirugarren bideen ameskeria lurperatze bidean dago, eta horrek, potentzialki bederen, indar posizio baten kokatzen gaitu PNV eta Podemosen aurrean, espainiar trantsizioa deiturikoaren gaineko diagnostikoarekin gertatu bezalaxe, hauteskunde hauen emaitzek gure diagnostikoa berretsi eta haiena ezetsi dutelako.
Bigarren abantaila estrategikoa: batetik, hauteskunde hauen ondotik datozen aste/hileetan osatuko den gobernua, izan litekeen gobernurik birzentralizatzaileena izango da (litekeena delako PPk eta Ciudadanos-ek osatzea gobernu hori), eta horrek Kataluniarekiko txokea areagotuko du. Eta bestetik, gobernu horrek murrizketa sozial berriak egingo ditu, eta horrek kalean protestaldi berriak eragingo ditu. Beraz, alor nazionalean txokera goaz (batez ere Katalunian) eta alor sozialean berraktibazio sozialerako aukera berriak zabalduko dira. Alde horretatik, asmatu beharko dugu, aurrekoan ez bezala, balizko protestaldi ziklo berri hori probesten burujabetzaren aldeko diskurtsoa eta praxia indartu eta gizartearen hautabide independentista sustatzeko.
Hirugarren abantaila estrategikoa: Brexitaren ondorioz aukerak izan daitezke bai Irlandan bai Eskozian independentzia erreferendum berriak egiteko eta horrek beste behin ere erabakitzeko eskubidearen eta independentziaren aldarria Europar Batasunaren eta oro har nazioartearen agendan kokatuko du.
- Emaitza hauek frustrazio sentimendu orokortu bat eragin dute bai gure botoemaleen artean, bai Podemosen botoemale askoren artean, baita PNVren botoemale hainbaten artean ere. Ezberdintasun batekin: gure kasuan gure diagnostikoa berretsi egin dute emaitzek (espainiar estatua ez dago demokratizatzerik); Podemosen kasuan berriz, bere diagnostikoa ezerezean utzi du: posible dela espainiar estatua demokratizatzea, espainiar estatuak bere izaera plurinazionala onartu eta estaturik gabeko herriei hitza eta erabakia aitortzea; eta posible dela sakoneko aldaketa sozio-ekonomiko bat estatuan. Beraz, hori guztia kontutan hartuta, aukera dago aldaketarako nahia eta sor daitekeen frustrazioa Podemosen bueltan ez, baizik eta EH Bilduren bueltan eta, oro har, ezkerreko alternatiba soberanista-independentistaren artikulatzeko.
- Bukatzeko, faktore hauek guztiak kontutan hartuta, autonomikoak probestu behar ditugu diagnostiko honetan sakontzeko, diagnostiko hau euskal gizartearen luze zabalean hegemonizatzen joateko eta diagnostiko honen aurrean alternatiba sendo eta egingarri bat marrazteko alor nazionalean, alor sozio-ekonomikoan eta gatazkaren konponbidearenean.
Espainiar hauteskundeak autonomikoei begirako lehen itzulia zirela esaten genuen, eta elektoralki nahi bezain indartsu atera ez bagara ere, politikoki, zabaltzen den eskenatokiak aukera paregabeak eskaintzen ditu esan dugun hau guztia egiteko. Herri honek ispiluaren aurrean jarri behar du, eztabaida sakona egin, eta erabaki: edo beste lau urtez Madrildik arlo guztietan etorriko zaion zaparrada berria jasatera etsitu, edo prozesu soberanista baten oinarriak paratzen hasi, behingoz. Hori da datozen hileetan sustatu behar dugun eztabaida. Beraz, autokonplazentziarik ez, baina fustigazio kolektiborik ere ez. Autokritikari iskin egin gabe, izan baditugun arazoen kontzientzia geureganaturik, aldatu beharreko gauza guztiak aldatuta, zabaltzen den eskenatoki politikoaren pontentzialtasun guztia probestean dago gakoa. Eta erronka. Sortu horretara doa. Horretara goaz. Eta lehen urratsa datorren larunbatean emango dugu, Sorturen birfundazio prozesua abiatuko duen Asanblada Nazionalean.
Azken ohar bat: eskuartean duzun hau presazko hausnarketa bat baino ez da. Esan gabe doa hauteskunde hauen emaitzek eta haien eskutik bai estatuan bai Euskal Herrian zabaltzen den abagune politikoak hausnarketa sakonagoa eta zorrotzagoa eskatzen dutela eta datozen egunetan zeregin horri behar besteko denbora eskaini beharko diogula. Hain zuzen, horretarako, Kontseilu Zabalak burutuko ditugu herrietan, eta EH Bilduk ere herri batzarrak egingo ditu herriz herri.