Editoriala

Lanketa luze eta eskerga burutu ondoren pasa den igandean egin ziren herri kontsultak Goiena, Goierrin eta Ispasterren.

Gure Esku Dago plataforma herritarraren eskutik, dinamika abiatu zen 34 herritan sektore ezberdinen parte hartzearekin. Helburua argi zegoen: erabakitzeko eskubidearen ariketa eskaintzea herritarrei eta baita euskal estatu independentearekiko herri atxikimendua neurtzea ere.

Datozen hauteskunde espainiarren bigarren bueltaren deialdiak kontsultetako antolatzaileek aurreikusitako datak aurreratzera behartu du Hautes Batzordeak eta horrek hasierako planak azkartzera behartu du Gure Esku Dago plataforma.

Indar normatiborik ez daukaten herri kontsultak bezalako ekimenen arrakasta parte hartzearen arabera neurtu ohi da gehienetan. Oraingo honetan, kontsulta burutu zuten herrien arteko bataz besteko parte hartzea %30ekoa izan da, nahiz eta herriz herri emaitzak ezberdinak izan diren.

Gure Esku Dagok helburua %25-30 bitarte horretan jarri zuen; eta ondorioz, plataformak oso positiboki baloratu ditu emaitzak; erabakitzeko eskubidearen egikaritzen hasteari garrantzi berezia eman diote.

Eskualdeei erreparatzen badiegu, arreta deitzen du Goierriko herri txikietan izandako parte hartze zabalak (%50etik gorakoa, batzutan baita %70etik gorakoa ere). Horrekin batera, hiri-gune ertainetan lortutako parte hartzea bataz beste orokorretik gertu kokatzen da, handienetakoa diskreto xamarra gertatu den bitartean (Beasain eta Ordizia -biak %21-23 bitartean-). Zumarragak (%13,43) leundu egiten du eskualdearen datu orokorra.

Goienan %23-53 bitarteko emaitzak izan dira; portaera homogeneoagoa eman da eskualde honetan Arrasate eta Eskoriatzako datu neurtuagoak tarteko (%23 eta % 24 hurrenez hurren).

Azpeitiko datuei dagokionez parte hartzea %40koa izan da, herrian zeuden aurreikuspen baikorrekin bat eginda; eta ariketa honetan oraingoan parte hartu duen Bizkaiko herri bakarrak -Ispasterrek- %64ko datu aparta lortu du.

Argi dago baldintza soziopolitiko ezberdinekoak direla ekainaren 5eko kontsultetan parte hartu duten herriak. Beraz, abiapuntuak -baldintza objektiboak- desberdinak izan dira kasu askotan. Azpimarratu behar da lanketa trinkoa -bai ekimen kopurua zein antolaketan aritu den esparru zabalagatik- eman den herrietan emaitza hobeak izan direla eta herritarren mobilizazio zabalagoa lortu dela.

Kontsulta hauen hedadura soziologikoari erreparatzen badiogu, esan beharra dago lortutako emaitzak foru hauteskundeetakoekin alderatuta, ezkerreko independentismoak ordezkatzen duen eremutik zabaltzea lortu dela kasu guztietan -Legazpin izan ezik-.

Esan daiteke inongo zalantzarik gabe abiapuntu gisa emaitza onak izan direla; mugarri sendoa datorren urteko ekaina bitartean herri kontsultak burutuko diren beste 60-65 herrientzat.

Etorkizunari begira erronka gisa hartu behar da GED plataformari laguntza eta babesa ematea. Bere hedadura geografikoa guztiz desiguala da gaur gaurkoz, eta horrek hausnarketa eskatzen du herrialdeetan bilatu beharko duen zabaltzearen inguruan. Aitortu behar da hainbat eskualdetan duen presentzia ahula dela eta ez dela errotuta dagoen dinamika bat. Kontutan hartu behar da GEDren euskaltasunaren irudikapena oso mugatua dela gaur gaurkoz eta hainbat jende ez dela erakarria sentitzen orain arteko molde eta eskaintzarekin.

Gazteen parte hartzeaz kezka handia dagoen garai hauetan, oraingoan parte hartze gazte zabala eman dela azpimarratu behar da, gehienbat lehen aldiz bozkatzeko aukera zutenen aldetik. Berri pozgarria etorkizunari begira, belaunaldi berriek berebiziko papera daukatelako nazio kontzientziaren sendotzean.

Beraz, orokorrean esan daiteke emaitzak onak izan direla, eta aldez aurretik ezarritako espektatibak gainditu direla. Azken asteotan erabakitze eskubideaz hitz egitea lortu da, eta eskubidearen ariketa egin ahal izan da normaltasun osoz; erakutsi da posiblea dela eta gogo handia dagoela: zirkunstantzia hauetan lortutako parte hartze kopuruek horrela erakusten dute.

Parte hartze txikia eman dela esan eta horrekin egindako ariketaren balio politikoa gutxietsi eta ondorioz herritarren interes falta ondorio bezala "saldu" nahi dutenei, lehenik eta behin goratu behar zaie zer baldintzatan egin diren kontsulta hauek -inongo babes ofizialik gabe- eta bigarrenik oraindik ere ez dagoela aukera politikoen arteko berdintasunik herri honetan, erabakitzeko eskubidea eta aukera independentista guztiz legalitatetik kanpo daudela; ez aldiz hautu horien izaera demokratikoa eta zilegitasuna, hori herritarrek baino ez dute ematen eta horrela egin dute ekainaren 5ekoan.

Eta datuak konparatu aldera, gogora dezagun Catalunyan herriz herri egindako herri kontsultetan %27ko parte hartzearekin burutu zirela 2009ko 167ak; %21ekoa 2010eko 80ak; %17koa 2010 eta 2014a bitarteko 211ak, eta azkenik, %13koa 2010 eta 2015a bitartean 49 herri/hiri handitan egindakoak. Ekainaren 5eko ariketako datuek oinarri sendoa dira inongo zalantzarik gabe etorkizunari begira egin beharreko borondate-metaketa prozesuari dagokionean. Orduko hartan Catalunyan baina abiapuntu sendoagoa jarri da oraingo honetan; han, metaketa soberanista fase batean hasi ziren galdeketak egiten. Hemen aldiz, zerotik hasi gara. Herritarren herenaren parte hartzea lortu izanak zilegitasun handia eskainiko dio edozein begirale independenteri.

Dudarik gabe, lan handia, eskerga egin da eta hor daude emaitzak. Etorkizunean emango diren kontsultak erraztu eta emaitza ezin hobeak lortu aldera, garrantzitsua izango da egindako lan guztiaren bilduma -balorazioak barne- egitea. Erabakitzeko eskubidearen ariketaren eskuliburua idazten ari da herri hau bere praktikaz eta horrek ez du preziorik hurrengo etorriko direnentzat.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.