Editoriala

Ekainaren 23ko erreferendumaren hainbat gako

Ekainaren 23an Britainia Handian Europar Batasuneko kide izaten jarraitzeko (Brexin) edo bertatik irteteko (Brexit) erreferenduma burutuko da. Erreferendum hau David Cameron Lehen Ministroak aurreko legealdian UKIP alderdi euroeszeptikoari erantzuteko asmoz proposatu zuen.

UKIP alderdiak bultzaturiko nazionalismo ingelesak migrazioaren inguruko diskurtso xenofobo populista darabil

Cameron austeritate politiken aplikatzaile eredugarria da, gastu militarra handitzen duen bitartean. Mende erdian Britainia Handian egondako gobernurik atzerakoiena da berea eta eskubideen murrizketarako estrategia oso bat du martxan Britainia Handian (bereziki lan eskubideei dagokionean). Aldi berean, UKIP alderdiak bultzaturiko nazionalismo ingelesak migrazioaren inguruko diskurtso xenofobo populista darabil, eragin handiz eta Europar Batasuna du jopuntuan.

Europar Batasunaren kontrako oposizio kontserbadorearen indartzea ikusita eta UKIPen hazkundearen beldur, Alderdi Toryak erreferendum loteslea proposatu zuen eta ostean erreferendumaren mehatxua erabili zuen Europar Batasunarekin kidetza baldintzak berriro negoziatu eta akordioa lortzeko.

Akordioan (Brexit ez ematekotan aplikatuko dena) David Cameronek EBrekin adosturiko baldintzen arabera, merkatu bakarraren nozioak mantenduko lirateke (ez guztiak) eta barne-politika eta giza eskubideen konbentzioetatik kanpo geratuko litzateke Britainia Handia. Akordioak ez du irteera osoa suposatzen, baina zalantzarik gabe irteera osoaren elementu guztiak biltzen ditu. Adibidez, Cameron-EBren akordioaren arabera, beraien nazionalitatearen arabera langileak diskriminatzeko eskubidea izango du Britainia Handiak. Europar Batasuneko beste estatuetako langileak ere akordio horretan sartzen direlarik.

Erreferendumaren emaitza edozein dela, Britainia Handiak Giza Eskubideen inguruko Human Rights Act legedia indargabetzeko bidea martxan jarriko du.

Beraz, erreferendumaren emaitzak izango duen garrantzia ukatu gabe (Eskozian eta Irlandan bereziki), kontutan hartu behar da Ingalaterrako gizartean, bereziki, ematen ari den inboluzio sozial eta demokratikoaren baitako beste elementu bat dela. Horren adibide da, erreferendumaren emaitza edozein dela, Britainia Handiak Giza Eskubideen inguruko Human Rights Act legedia indargabetzeko martxan jarritako prozedura. Honetaz gain, David Cameron "sindikatuen lege proiektu" erabat atzerakoia ari da planteatzen. Laburbilduz, haustura sozial beldurgarri bat inposatuko luke lege proposamen horrek: nazioarteko estandarren jabe izango liratekeen langile pribilegiatuen aristokrazia alde batetik, eta masa prekarizatua bestetik.

Sinisten konplikatua bada ere, Britainia Handian egun mantentzen diren lan eskubide urrien artean, batzuk Europar Batasunetik eratortzen dira eta Brexitak Europatik oraindik datozen gutxieneko lan eskubide urri horiek erosionatuko lituzke.

Britainia Handiko indar abertzale aurrerakoiek Europar Batasunaren baitan jarraitzearen aldeko posizioa defendatzen dute

Guzti hauek kontutan hartuta, Britainia Handiak EBrekiko izan behar duen harremanaren afera deserosoa da aktore politiko gehienentzat eta konplikatu samarra hauteslegoarentzat. Eskumako indarrak banaturik daude. Agintean dagoen Alderdi Kontserbadorearen baitan posizio biak defendatzen dituzten kideak daude (Cameronen posizioa desorekatzeko eta lidergo bataila emateko baliatuko dute kanpaina, besteak beste, Boris Johnson, Londoneko alkate ohiak); Alderdi Laboristak kontraesan handiak izan ditu Europar Batasunaren aldeko jarrera mantentzeko (Alderdia modu ofizialean EBn geratzearen aldeko kanpaina egin badu ere, Brexitaren aldeko ezkerreko kanpaina txikia antolatu da) eta azkenik, Britainia Handiko indar abertzale aurrerakoiek Europar Batasunaren baitan jarraitzearen aldeko posizioa defendatzen dute (SNP Eskozian, Plaid Cymru Galesen eta Sinn Féin Irlandan).

Argi dago, Europa soziala, demokratikoa, ingurugiroaren aldekoa eta bake globala eta elkartasuna defendituko dituen ikuspegiaren aurkakoa dela Brexit-eko defendatzaileek edota Cameronek (Brexitarekin edo Brexitik gabe) planteatzen dutena.

Begibistakoa da, jakina, Europar Batasuneko gaurko integrazio ereduak ez duela hori bermatzen inondik inora, eta indar korrelazioak ezinezko bihurtzen duela gaur eredu hori barrutik aldatzea. Baina ezkerra ikuspegi orokor horren alde dago Europan.

Egoera honetan, Europar Batasunetik irteteak borrokarako marko egokiagoa eskaini ordez, oso litekeena da atzerapausoa ekartzea eskubide sozialen eremuan bereziki, hori da bederen ezkerreko indar ezberdinek defendatzen duten ikuspuntua. Beste eremu ideologikoan -eskuinekoan- bestelako argudioak entzuten dira: EBtik alde eginez gero Banku eta Inbertsio funtsek pairatuko lituzketen galerak nabarmentzera jokatu dute.

EBrekiko jarrera gero eta euroeszeptikoagoa da ezkerreko sektore anitzetan, baita Euskal Herrian ere.

Laburbilduta, EBrekiko jarrera gero eta euroeszeptikoagoa da ezkerreko sektore anitzetan, baita Euskal Herrian ere. Edonola, Brexitaren inguruan gure iritzia emateko orduan aintzat hartu beharko genituzke aurreko lerrotan azaldutakoak. Alegia, Brexitaren testuinguruan, ezkerreko indarrak Europaren aldekoak direla, aipaturiko beste Europa baten aldekoak direlako eta Britainia Handia Europar Batasunetik ateratzea, inboluzio politiko eta demokratikoan aurrerapauso gisa ulertzen dutelako.

Brexitak Euskal Herrian izango lukeen lehenengo eragina, Gales, Eskozia eta Irlandan izan dezakeen eraginarekin lotua egongo litzateke, herri horien askapenprozesuetan izan ditzakeen ondorioengatik, baina epe luzean Europar Batasunaren eraikuntzan izan ditzakeen efektuak ezin dira, gaur gaurkoz bederen, aurreikusi.

Irlanda, Eskozia eta Gales

Sinn Féinen arabera Brexitak Ipar-Hego Irlandako banaketa indartuko du, eta EBren Peace Programaren dirulaguntzak galdu.

Brexitak Irlandarentzat ondorio larriak izango lituzke. Norbaitek aukera bezala ikusteko tentazioa izan dezake, jakina. Hala ere, ondorioak larriak dira eta honen aurrean, Irlandarrentzat, aukerarik onena, Ostiral Santuko Akordioaren garapen eta aplikazio osoa da. Izan ere hauek lirateke (Sinn Féin-ek eman dizkigun azalpenen arabera) Brexit batek ekarriko lituzkeen ondorioetako batzuk:

Ipar-Hego Irlandako banaketaren indarketa. Gaur egun, hegoaldea eta Iparraldearen arteko muga ez da fisikoki somatzen. Edozein errepide hartuta ere ez da muga hori ikusten, eta Euskal Herrian ongi dakigun bezala, horrek badu bere garrantzia, mugak hor segitzen badu ere. Brexita emango balitz, muga, berriro, "fisikoagoa" izango litzateke. Kontrolak jartzeko aukera egongo litzateke EBko kanpo muga bilakatuko litzatekelako.

Europar Batasuneko Peace Program-aren barruan gaur iristen diren dirulaguntzak (fondo estrukturalak) galdu egingo lirateke, eta fondo horiek sekulako garrantzia izan dute, eta dute, mugaz-gaindiko elkarlanean, gehienetan diru hori komunitateetara iritsi delako nahiko zuzen. Brexitaren bidez, Britainia Handiak muzin egiten dio akordio politikoari (bake prozesuari), eta giza eskubideen murrizketa Sinn Féin ahultzeko eta gerarazteko arma gehitu gisa erabiltzen ditu.

Londresek austeritatea ere erabiltzen du errepublikarren aurka (Sinn Féinek aurre egiten dio austeritateari jakina) Ipar Irlandako Gobernuari murrizketak inposatuz. Ostean eskumak Dublinen argudio gisa erabiltzen du hau, Sinn Féinek hegoaldean austeritatearen kontra egin eta iparraldean inposatzen dutela salatuz, manipulazio politiko-elektoral argian.

Brexitak Irlandaren iparraldearen aurrerapen politiko eta ekonomikoan atzerakada larria ekarriko luke

Brexitak Irlandaren iparraldearen aurrerapen politiko eta ekonomikoan atzerakada larria ekarriko luke, mugaz gaindiko harremanak konplikatuz eta iparraldea hegoaldetik isolatuz. Hauek horrela, Sinn Féinek ez due deskartatzen Ostiral Santuko akordioak aurreikusten duen Border Poll-a eskatzea Brexita ematen bada.

Eskoziak ere, neurri handi batean, aukera bezala ikusten du Brexita, Eskoziako jendarteak Europar Batasunaren aldeko apustu irmoa egiten baitu eta hori izan zelako euren erreferendumean Britainia Handian geratzearen aldeko argudio nagusienetarikoa.

Ez da erraza, ez baita ahaztu behar Brexita oztopo eta arazo iturri izugarria dela. Eskoziarren kasuan, bidea egina dute dagoeneko eta emaitzek bi mundu islatuko balituzte, errazagoa izango litzateke beraientzat partida berria jokatzea (bigarren erreferenduma) eta agian irabaztea.

Galesentzat egoera zailagoa da, independentziaren aldeko hautua ez dagoelako horren zabaldua, baina eszenatoki interesgarria zabaldu liteke; Europar Batasunean jarraitzearen aldeko Alderdi Laboristak eta Plaid Cymru-k gehiengo handia ordezkatzen dutelako Galesen.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.