Pasa den larunbatean Donostiako Sorturen aurkezpen ekitaldia burutu zen Plaza Berrian (Konstituzio enparatza). Hona hemen Donostiko Sortuk berak kontatuta, ekitaldia buruzko informazio gehiago. Ekitaldiko hitzartze nagusia Joseba Alvarezena izan zen. Hona hemen osorik:
Donostia aukeratu dugu Gipuzkoako Sorturen zuzendaritza taldea eta bere jardunaren ildo politiko nagusiak aurkezteko. Kalean, herritarron bilgune eta borroka gune den eszenatoki honetan konpartitu nahi dugu gure lehen gogoeta publikoa. Asteburu honetan bertan borroka feminista aldarrikatuz, gazteen kontrako jazarpen politikoa salatuz eta Hugo Chavez-en omenez Gipuzkoa osotik etorritako milaka pertsonak zapaldu dituzten kale eta plaza beretan gu ere egon garelako.
Hamar urte baino gehiago legez kanpo egon ondoren eta, independentzia eta sozialismoa helburu izan duen eremu politiko eta sozialaren 50 urtetako ondarea jasoz, eratu da Sortu Gipuzkoan. Herriz herri eta auzoz auzo egindako prozesua izan da, non ehunka pertsona inplikatu diren. Zuzendaritza hau, zuen aurrean agertzen garen emakume eta gizon hauek, prozesu honetan definitu diren ildo politikoak aurrera eramateko aukeratuak izan gara, eta hautu horri eutsiz gure militantziaren eta gipuzkoar guztien aurrean konpromiso sendoak hartu eta jakinarazi nahi ditugu.