Maiatzaren 1ean, Langile Herria osatzen dugula aldarrikatu eta Kapitalari herri antolatu eta borrokalaria aurrean duela erakustera irtengo gara kalera.
Egungo testuinguru ekonomikoa bere horretan latza dela antzematearekin gutxi ez, eta gainera, oldarraldi neoliberal patriarkalak klase kontzientziaren desegitea du jomuga. Langabezia, prekarietatea eta horien ondoriozko pobrezia geurean hedatu eta sistematizatzen ari diren bitartean, egoera horrekiko kolektibo izatearen kontzientzia eta aldaketarako gogo-indarrak ahul antzeman ditzakegu jendartean.
Txosten honen helburua, izenburuak adierazten duen moduan, Hego Euskal Herriaren egoera sozial eta ekonomikoa ohikoa ez den begiradaz aztertzea izan da. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu egungo egoera sozioekonomikoaren errealitate gordina agertzen duten hainbat datu eta elementu mahai gainean jartzea, aurrera begira zer egin behar dugun ondo finkatu ahal izateko. Horrexegatik, zuoi, irakurleoi, eskaera bat egin nahi genizueke zentzu horretan: aurrera begira gure bidea eraikitzeko proposatzen dugunaren gaineko zuen ekarpenak jaso nahi ditugu eta horretarako idatzi E-posta hau spambotez babestua dago. JavaScript behar duzu ikusi ahal izateko. helbidera. Zuen ekarpenen zain gaude!
[baliabidea1 lotura1="http://sortu.net/dok/Eskuorria_A30.pdf"]Eskuorria[/baliabidea1] [baliabidea2 lotura2="http://sortu.net/dok/A30_mani_donostia.jpg"]Kartela[/baliabidea1]
Egungo egoera sozioekonomikoa benetan da lazgarria. Langabeziak gora egin du nabarmen eta langabezia horrek hamaika aurpegi ditu, emakume, gazte eta migranteenak bereziki. Orain arte gutxien eduki duenak pairatuko ditu gehien egoera sozioekonomikoaren ondorioak eta horren argazkiak egunero ikusten ari gara: etxegabetzeak, prestazio sozialen eznahikotasuna, prekarietatea, elikagai-bankuak eta jantoki sozialak gainezka,... Argazki horien ondoan, ordea, industria-sektoreko lanpostuen galera ari gara ikusten azkenaldian, fabriken gainbehera, Hego Euskal Herrian 210.000 lagun baino gehiago dago langabezian eta enplegua edukitzeak ere ez du bizi duina garatzea bermatzen: 10 langiletik 4 pobrezia mailatik behera bizi dira.
Egungo krisia, hartzen diren, hartu beharko liratekeen eta hartzen ez diren erabakien ondorio zuzena da. Kapitalak agindu eta Europa zein Madrildik ezartzen diguten ereduak ez du herri honentzat balio. Eredu horren porrota ikusteko Estatu Espainoleko datuak begiratu besterik ez dugu. Gure ordua iritsi da, euskal ekonomia bidegurutzera iritsi da, erabaki beharrean gaude: Kapitalaren Europa eta Madrilen ereduari men egiten jarraitu ala aurre egin eta alternatibak gauzatzen hasi.