ALBISTEAK

Pasa den ostiralean Sorturen Sozioekonomia Batzarra ospatu genuen Donostiako Iratzar Aretoan. Guztira 80 bat lagun bildu ginen ikasturte honetako erronken inguruan aritzeko. Pasa den ikasturtean eginikoaren balantzea oinarri eta zenbait eztabaida eta hausnarketa saioren ondorioak azaldu ostean, nahiz eta pasa denean bezalaxe hamaika gai landuko ditugun (tokiko garapena, energia, TTIP, finantza-sistema...), ikasturte honetan lehentasunez jorratuko ditugun gaiei heldu genien taldeka:

  • Estrategia independentista eraldatzailearen inguruko hausnarketa egitea ikuspuntu sozioekonomikotik.
  • Burujabetzaren inguruko borroka ideologikoari dimentsio sozioekonomikoa ematea.
  • Enplegua eta lanaren gaia integralki eta burujabetzaren ikuspuntutik lantzea.

TTIP delakoa azken hamarkadetan kapitalismoak langileon eta herri-sektoreen aurka burutu nahi duen eraso bortitzena dugu. Hitzarmena Amerikako Estatu Batuen eta Europar Batasunaren artean sinatu nahi dute, baina negoziazio guztiak sekretupean burutzen ari dira, herritarroi bizkarra emanez. Zergatik? Bertan hartuko diren erabakiak zuzen-zuzenean herritarron aurkakoak direlako, borrokaren bidez irabazitako oinarrizko eskubide sozialak desagerrarazi nahi dituztelako eta geure bizitzan funtsezkoak diren zerbitzu zein baliabide publikoak merkantilizatu eta pribatizatu nahi dituztelako.

Hala, sistema kapitalistak porrot egin zuela bazirudien ere, egun, inoiz baino basatiago ari zaigu erasotzen edozein motatako neurri demokratikoren gainetik gailenduz. Hor dugu Greziako erreferendumaren adibidea: ariketa demokratiko zehatz baten ostean, inongo tankerik sartu behar izan gabe, biolentzia fisikorik eragin gabe, herri oso bat menpean hartu zuen Europako oligarkia finantzarioak. Greziako kolpea ordea ez da ezer berria. Europar Batasuna Merkatari handien Europa izan da hasiera-hasieratik, zenbait estatutako burgesia handiaren interesak, herrion burujabetza eta herritarron eskubide ezaren gainean eraikiz.

Atzoko egunez, azken EPAko datuak jakinarazi zituzten. Nafarroa, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan langabeziak behera egin du, 16.300 pertsona gutxiago dago langabezian. Halere, langabeziaren jaitsiera ez dator bat lanaren sorrerarekin, izan ere, 3.400 herritarrek soilik bilatu baitute lana.

Berehala, Urkullu lehendakaria eta Mariano Rajoy estatu espainoleko presidentea datu pozik agertzen ziren eta ustezko "errekuperazio ekonomikoaren" mantra aireratu zuten beste behin. Baina datu hauek izkutatzen duten errealitatea bestelakoa da, berriki kaleratu dugun "Kapitalismoa eta aberastasunaren banaketa Euskal Herrian" sozioekonomia txostenean azaltzen den bezala.

Egoera hobetzen ari dela sinestarazi nahi digute baina ez da egia: langabezia datuen jaitsieraren atzean prekarietatea eta pobrezia ezkutatzen dira. Herritarrak egoera larri horretara kondenatzen gaituzten bitartean, aberatsak geroz eta aberatsagoak dira. Egoera konpontzeko, krisi sakon honetara ekarri gaituzten neurri neoliberalak guztiz alboratu eta aberastasuna banatzeko neurriak hartu behar dira. Hori gaur eta orain egin daiteke, borondate politikoa besterik ez da behar. 

SO 2.zbk: Euskal Herriaren bestelako begirada ekonomiko eta soziala

2015-07-14
Kapitalismoa eta aberastasunaren banaketa Euskal Herrian

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.