There is no alternative (TINA akronimoarekin ezaguna) Margaret Thatcherrek erabiltzen zuen eslogana barru-barruraino sartuta izan dugu azken hamarkada hauetan. Liberalismo ekonomikoak eta globalizazio kapitalistak bereak eta bi egin baditu ere (ingurumena suntsitu, gerrak hedatu, mundu osoan milioika pertsona esklabizatu eta miseriara kondenatu...), beste alternatibarik ez dagoela sinestarazteko programatu gaituzte. Horixe izan da neoliberalismoa, kapitalismoaren eredu ekonomikoari balore-sistema oso bat gehitu diona: lehiakortasuna, indibidualismoa, kontsumo-kultura, homogeneizazioa...
Ostiral honetan, Sorturen Sozioekonomiako bigarren batzarra ospatuko dugu. Kurtso hasieran burutu genuenean bezala, oraingoan ere hiru gai izango ditugu hizpide. Batetik, estrategia independentistaren dimentsio sozioekonomikoaren garrantziaz eta berau indartzeko egin beharreko jausiaz. Bigarrenik, ideien borrokaren baitan, eta bereziki burujabetzari dagokionean, atal sozioekonomikoa nola jorratu daitekeenaren inguruko hausnarketa. Azkenik, eta gaiaren urjentzia eta larritasuna kontutan hartuz, langabezia eta prekaritateari aurre egingo dion lan eta borroka ildoak nola osatu eta garatu eztabaidatzera goaz.
Batzarra irekia izango da eta hiru gai hautean ekarpen eraikitzailea egin nahi duen edonork parte har dezake. Beraz, bertan parte hartzera animatzen zaituztegu. Hementxe duzue izena emateko aukera https://batzarrak.sortu.eus/sozioekonomia
Pasa den urtean, makro-datuen bonbardeo mediatikoari aurre egingo dioten informe sozioekonomikoak kaleratzea erabaki genuen Sorturen Sozioekonomia lantaldean. Ildo horretan, 6 hilero, koiuntura datuen irakurketa egin eta gai bat sakonean aztertzea erabaki genuen.
Lehen txostenean, Kapitalismoaren ondorioak Euskal Herrian, bereziki industriaren gainbeherari erreparatu genion: telebista eta komunikabide handiek sinistarazi nahi digutenaren kontrara, Lehman Brothersen erorketarekin agerian utzitako finantza- eta adreilu-krisiak gure ehun industrialaren desegitea bizkortu du, azken 6 urtean 75.500 lanpostu suntsitu baitira industrian, eraikuntzan baino 15.000 eta zerbitzuetan baino ia 70.000 lanpostu gehiago.
"Zer da TTIP?" Hitzaldia egin dugu Tolosan Joseba Permach eta Jone Etxeberria Sortuko Sozioekonomia lantaldeko kideen eskutik. TTIPa Ameriketako Estatu Batuak eta Europar Batasunaren arteko merkataritza Itun Trasatlantikoa da. Hitzaldian zer den, nundik datorren eta zer nolako ondorioak izango dituen argitu digute.