Mugimendu feministaren urteetako lanari esker jendarte osoa indarkeria matxistaren aurka dagoela esan genezake. Matxismoak eragindako indarkeriaren izebergaren tontorra ageriko indarkeria da, erailketak, bortxaketak, sexu erasoak... guztiok ikusten ditugu.
Aurten Euskal Herrian matxismoak 7 emakume erail ditu eta urtarriletik abuzturako tartean indarkeria matxistagatik Hego EH-an 3.545 salaketa jarri dituzte. 10 erasotatik 2 soilik salatzen direla kontuan izanik egunero 75 eraso izango lirateke.
Oro har neurri batean erraza suertatzen zaigu erasorik ikusgarrienak edo dramatikoenak identifikatzea, baina ez hainbeste gure egunerokotasunean ohikoagoak diren mikromatxismoez ohartzea (umiliazioak, desakreditazioak, jarrera paternalistak...). Gure buruak hezi eta trebatu behar ditugu horretarako.
Emakumeen Mundu Martxako Europako karabana irailaren 28an sartuko da Euskal Herrira Tafallatik. Martxa hau bost urtean behin ospatzen da: Aurtengoa martxoaren 8an abiatu zen Kurdistanetik "Gure gorputza gure territorioa" lelopean.
Sortuk eta Sortuko emakumeok martxa honen harira izango diren ekimenak bultzatu eta bertan parte hartzeko deia zabaldu nahi dugu.
Marije Fullaondo, Maite Sabalza eta Oiakue Azpiri, Sortuko Politika Feministako lan taldearen izenean:
Mundua ikusteko haustura planteatzen duen ikuspegia da feminismoa. Eta Ondarroan datorren abenduaren 13an egingo diren Topaketa Feministek aukera emango digute, batetik, diagnostiko konpartitu bat eraikitzeko eta trantsizio feministarako gakoak aztertzeko, bestetik.
Feminismoaren ekarpena ezinbestekoa da gure askapen-prozesuan. Burujabetza politikoa eta ekonomikoa lortzeko lan egiten dugu, burujabe eta buruaski izan gaitezen esparru guztietan, kolektibo gisa eta baita pertsonalki ere. Horrek eramaten gaitu, ezinbestean, egiturazko kateak identifikatzera, patriarkatuaren, kapitalaren eta inperialismoaren dinamikak ezagutzera, kate hauek apurtu eta kateetan baino laguntza-sareetan oinarrituko den eszenatoki bat sortzeko. Horrek garamatza makroa eta mikroa aztertzera, egiturek gure bizitzak baldintzatzen dituztelako baina, aldi berean, etengabe birsortzen ditugulako. Feminismoak aspaldi nabarmendu baitzuen, pertsonala politikoa dela, eta politikoa pertsonal. Dena dago lotuta eta behartuta gaude gure begirada zorroztera, kolore anitzetako betaurrekoekin errealitatea aztertzera, betaurreko moreak ahaztu gabe.