Auzitegi Nazionaleko Carmel Lamela epaileak Altsasuko gertakariak ikertzea erabaki du Covitek jarritako salaketa aintzat hartuta. Fiskaltzak atzokoan Altsasuko auzia Auzitegira eraman behar zela aipatu zuen "terrorismo" delitua ikusten omen zuelakoan. Hori dela eta, hainbat Altsasuko herritar deituta daude Auzitegian aurkezteko.
Sortuk gogor salatzen du tabernako borrokaldi baten harira "fabrikatu" den zirko politikoa eta era berean elkartasun osoa adierazi nahi die Altsasuko herritar guztiei une hauetan pairatzen ari diren kriminalizazio saiakeragatik. Altsasuko herria eta altsasuar guztiak ari dira kriminalizatzen. Gertakari honen harira estatuko botere politiko-juridiko eta mediatikoek Euskal Herrian azken hamarkadetan gertatu denaren errelatoa inposatu nahi digute, biktima eta borrero eta garaile eta garaituen errelatoa inposatzeko.
Sortuk bat egiten du Altsasuko herritarrek larunbat honetan 13:00etan deitu duten "Utzi Altsasu Pakean" manifestazioarekin.
Sortuk gogor salatzen du ostiral goizaldean tabernako borrokaldi baten harira eraiki den zirko politikoa Guardia Zibilaren iragan eta orain errepresibo beltza zuritzeko asmoz. Era berean kezkagarria deritzo zenbait komunikabide zein eragile politikok Guardia Zibilak eraikitako bertsioa ontzat hartu izana besterik gabe.
1980ko ekainaren 11n José Miguel Etxeberria Álvarez "Naparra" desagertu zen. 22 urte zituen BVE (Batallón Vasco Español) talde paramilitarrak bahitu zuenean. Egun batzuk geroago erail zutenaren berria zabaldu zuten eta bere gorpua Miarritz inguruko "Txantako" inguruetan utzi zutela ohartarazi zuten. Beraz, 36 urte bete dira "Naparra" desagertu zenetik.
Eta berriki jakin dugu, bere kausa urte luzez artxibatuta egon ondoren Auzitegi Nazionalak berriro ere ireki omen dezakeela lekuko bat agertu omen delako bere gorpua non dagoen adieraziz. Kausa berriz irekitzear egon daiteke eta hortaz, bere gorpua laster batean aurkitzeko berri pozgarriaren aurrean egon gaitezke.
Sortuk Nekane Txapartegiren askatasunaren alde eta bere estradizioaren aurka deitutako ekimenekin bat egin du. Horregatik hemen gaurko prentsaurrekoan azaldutako testua helarazten dizuegu:
Nekane Txapartegi 1999. urtean atxilotu zuten, Baltasar Garzón instrukzio epaileak sortutako "dena da ETA" tesia jarraituz. Euskal independentisten aurka hamarkadetan iraun duen estrategia horren hastapena izan zen. Torturak salatu zituen: elektrodoak, poltsa, sexu jazarpena pairatu zituen, eta hori gutxi balitz, lau poliziek bortxatu egin zuten1. 2006an epaitu zuen Auzitegi Nazionalak, 18/98 sumarioaren Xaki atalean. Ondoren, estatu espainiarretik alde egin zuen, berriro atxilotua edota torturatua izateko arriskutik ihesi. Orduz geroztik, Suitzan bizi izan da bere alabarekin, atxilotu duten arte. Pasa den apirilaren 6an atxilotu zuen Nekane Suitzako Poliziak, Zurichen, Espainiako Poliziarekin batera egindako operazioan.