Aste intentsua bizitzen ari gara. Eta agerraldia hasteko, honakoa adierazi nahi dugu: Herrira-ren aurkako operazioarekin bilatzen zuen helburua ez du lortu PPk. Euskal presoen giza eskubideen defentsan jarduten duten 18 lagun atxilotzera ehunka Guardia Zibil armatu bidaltzearen ridikulua egiteaz gain, espetxe politika aldatzearen beharra eztabaidaren erdialdean kokatu da.
Lehenik eta behin, gure elkartasuna adierazi nahi diegu atzo atxiloturiko 18 lagunei eta etxekoei ere bai. Era berean, Herrira-ren baitan euskal presoen eskubideen defentsan atxilotuek garatu duten lana txalotu nahi dugu.
Erabat larria da atzo Espainiar estatuak abian jarririko operazio poliziala. Operazio polizial hau eta Euskal Herrian irekiriko aro politikoa estuki lotuak doaz. Bakea eta elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko aroa bizi dugu.
Prentsaurreko honetan agertzen garen alderdi politiko, sindikatu eta erakunde sozialok iritzi publikoari helarazi nahi diogu Herrira herri-mugimenduaren aurka egindako operazioari buruzko iritzi bateratua, batetik, eta gertakari hori dela-eta elkarrekin emango dugun erantzunaren berri, bestetik.
Hasteko aipatu beharra daukagu hemen bildutako erakundeok Herrirarekin normaltasunez ditugula harremanak, eta horri eutsi egingo diogula. Asko partekatu izan dugu, elkarrekin lan egin dugu eta gure artean erakundeen zein pertsonen arteko harremanak daude. Erakunde horretako hainbeste militante eta arduradun atxilotu izanak nahigabea eta haserrea eragiten digu. Horregatik, edozer baino lehenago, atxilotuekiko eta hauen senideekiko elkartasuna adierazi nahi dugu. Halaber, ez dugu ezkutatu nahi beldur garela azken orduotan egoitza polizialean jaso dezaketen tratua medio.
Polizia frantsesak konfinatua zegoen Patxi Segurola atxilotu du. Portaera honen bidez Gobernu frantsesa Espainiakoaren eskutik doa inboluzioa argi batean bake prozesuaren kontra.
Ez da inondik ere egia euskal gatazka politikoa Frantziaren ardurapekoa ez denik. Estatu frantsesak euskal herritarren parte horri nortasuna ukatzen dio kolektibitate gisa eta ondorioz bere etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidea ere ukatzen dio; modu berean, ia berrehun euskal herritar dira preso Estatu frantziarrean barrena sakabanatuta.