ALBISTEAK

EAJ, Sortu, EA, Aralar, Alternatiba, Geroa Bai, ELA eta LABek manifestazio isila deitu dugu biharko giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen alde. Manifestazioa 18:00etan abiatuko da Bilboko La Casillatik.

Prentsaurreko honetan gauden antolakundeok erabat arbuiatzen ditugu atzoko operazio politikoaren ondorioz izandako atxiloketak; operazioan Euskal Preso Politikoen Kolektiboarentzat bitartekari lanak egiten duten hainbat pertsona eta presoen abokatu gisa dihardutenak eraman zituzten.

Gure ustez, operazioarekin erantzun egin nahi diote duela egun gutxi ezagutu diren Preso Politikoen Kolektiboak egindako debateari eta hartutako erabaki garrantzitsuei. Gainera, atxilotuek parte hartu zuten espetxetik ateratako presoekin Durangon izan zen ekitaldi publikoan. Nabarmena da estatuko gobernuak ez duela bake prozesuan ekarpen positiborik egin nahi; aitzitik, prozesuak aurrera egin dezan galaraztea beste helbururik ez dauka; era berean gertatu zen, adibidez, Bateragune deituriko auziarekin 2009ko urrian –Rubalcaba barne ministroa zelarik– edo, duela gutxi, Herrira mugimendu sozialaren aurkako operazioarekin. Hain zuzen, atxiloketa hauekin gure herrian etsipena zabaltzea lortu nahi du, eta kriminalizatu, batetik presoei ematen zaien laguntza eta bestetik espetxeratuek pairatzen duten eskubideen urraketa salatzea.

Premiazko agerraldia deitu dugu gertakariek horrela eskatzen dutelako eta gauzak horrela lehenengo inpresio batzuk bota nahi ditugu:

Lehenik eta behin, Guardia Zibila burutzen ari den operazioa tinko salatu nahi du Sortuk.

Era berean nola ez, gure beroa bidali nahi diegu atxilotuei zein gertuko guztiei; gure elkartasuna, kontsiderazioa eta errespetu osoa daukate.

Ezker Abertzaleak Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren ekimenaren garrantzia eta balio izugarria azpimarratu nahi ditu.

Hein berean eta atzoko egunez, EPPKko Mintzakidetzaren ordezkaritzak eta Estrasburgok Parot doktrinaren indargabetzearen ondorioz kaleratuak izan diren hainbat preso ohik Durangon eskainitako prentsaurrekoan aurkezturiko irakurketa guztiz positiboa eta balio eta indar handikoa dela irizten diogu ezker abertzaletik.

Atzo eginiko irakurketa horretan, pasa den astean EPPK-k aurkezturiko erabakiarekin eta erabateko konpromisoa adierazi dute ezker abertzalearen estrategiari esker ireki den eszenatoki berriarekin.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.