Abuztuaren 19an, egun mantentzen den nekazari eta herritarren geldialdi nazionala abiatu zen Kolonbian. Nekazari eta herritarren mobilizazio honen aurrean estatuak errepresioarekin erantzun du.
Gobernuak ejertzitoa atera du kalera, Kolonbiako hainbat zonaldetan etxeratze agindua eman du, eta Bogota hiriburua militarizatu du kale protestak ekidin asmoz. Hala ere geldialdia Kolonbia guztian jarraipen nabarmena izaten ari da.
Sortuk gogorki salatu nahi du Kairon eta Egiptoko beste hiri batzuetan, bertako ejertzitoak aurkari musulmanen aurka egindako sarraskia. Estatu kolpe onartezina izan zenetik, ehunka egiptiar atxilotuak izan dira, horien artean hauteskundetan gehiengoa atera zuen Morsi lehendakariak. Errepresioak ez du etenik.
Indar hauekiko Sortuk duen ezadostasuna eta ezberdintasun politikoa nabarmena izan arren, hori ez da oztopo beraien agintaldi demokratiko eta popularra onartzeko eta ejertzitoaren esku hartzea eta kolpe militarra arbuiatzeko.
Sortuk dolumin sentituenak helarazi nahi dizkie Lothar Biskyren senide, lagun eta Die Linke alderdiko kideei. Biskyren bat-bateko heriotza honek Alemania eta Europako ezkerrean hutsune handi bat uzten du.
Bere ibilbidean zehar, Bisky-k politika egiteko beste eredu bat posible dela erakutsi zuen bere jarrera koherente eta eraikitzailearekin. Ezkerreko militanteon errespetua irabazi zuen PDS eta DIE LINKEren buru izan zenean eta baita instituzioetan ardura izan zuenean ere.
Azken urteetan, Europako Parlamentuko kide izan zenean, Ezker Abertzaleko eta beste euskal eragile sozialetako ordezkariok aukera eta ohorea izan genuen zuzenean bera ezagutzeko eta baita gure herriaren egoera azaltzeko ere. Beti agertu zuen bere prestutasuna bake prozesuaren alde lan egiteko eta bide horretan eragiteko.
Sortu-ren aldetik gure omenaldirik beroena. Agur eta ohore Lothar Bisky!
Euskal Herria 2013ko Abuztuak 14,
Sorturen Nazioarteko Saila
Sortu-k dolumin sentituenak bidali nahi dizkie Urbano Tavares Rodrigues idazle portugaldarraren senide eta lagunei bere heriotzaren karira.
Portugalgo herriak orohar, eta bereziki komunismoaren alde borrokan ari diren herritarrek burkide eta pertsona handi bat galdu dute. Urbano Tavares Rodrigues-ek Salazar-en diktaduraren jazarpena ezagutu zuen zuzenean.
Bere lan literarioaren zehar injustizia sozialen aurka eta eraldaketa politikoaren alde egin zuen.
Euskaldunok ere lagun bat galdu dugu. Sarritan Euskal Herria eta bere askapen borrokarekiko elkartasuna adierazi izan zuen Urbano Tavares-ek, euskaldunon kontrako erasoak salatuz eta benetako bakea ekarriko zuen irtenbide elkarrizketatu eta juxtu bat aldarrikatuz.
Sortu-ren aldetik gure omenaldirik beroena. Agur eta ohore Urbano Tavares Rodrigues.
Euskal Herria, 2013ko Abuztuak 13,
Sorturen Nazioarteko Arloa